Kartel Lehiaketa

Aikor aldizkaria 2012ko mar. 21a, 10:39

San Pedro eta Santa Luzia jaien haritik Kartel Lehiaketa antolatu da Loiun. Lehiaketan edonork hartu ahalko du parte, eta adin txikikoek lege-tutorearen baimena beharko dute. Kartelen edukia libre izango da, baina nahitaez testu hau agertu beharko da: Loiuko jaiak 2012, San Pedro eta Santa Luzia. Karteletan ezin izango da sinadurarik agertu, ezta bestelako idatzirik ere. Lanek DIN A3ko formatua edukiko dute, eta kartoi mehe baten itsatsita aurkeztuko dira. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahalko ditu. Kartelak gutun-azal baten barruan sartuko dira, eta gutun-azalean zein kartelaren atzeko aldean hau idatziko da: San Pedro eta Santa Luzia 2012. Beste gutun-azal txiki batean datu hauek adieraziko dira: NANaren fotokopia, telefono-zenbakia, kartela formatu digitalean, eta parte-hartzailea lanaren egilea dela egiaztatzen duen zinpeko aitorpena. Adin txikikoek gurasoen edo lege-tutorearen baimena eta familia-liburuaren fotokopia ere aurkeztu beharko dituzte. Lanak Loiuko Udaletxean aurkeztu behar dira (Herriko enparantza, 1 48180 Loiu), eta hala egiteko azken eguna maiatzaren 4an izango da, 13:30ean. Kartelak maiatzaren 7tik 16ra izango dira erakusgai liburutegian, eta hara hurbiltzen den edozein herritarrek eman ahalko du bere botoa. Lau lagunek osatutako epaimahaiak boto gehien jasotzen dituzten bost kartelak baloratuko ditu, eta bere ebazpena ekainaren 28an jakinaraziko du, jaietako pregoia irakurri ostean. Irabazleak 250 euro jasoko du saritzat, eta adin txikikoa bada, materiala erosteko txartela emango zaio. Era berean, 100 euroko accesita emango zaio herriko egilerik onenari.