Txori bikers, Loiun

Aikor aldizkaria 2012ko eka. 13a, 15:02

Agintaldi honetan, Loiuko Udalak herriko bizitza kulturala eta aisialdikoa bultzatzea hartu du helburutzat. Horretarako, hilabetean behin ekimen erakargarri bat antolatzea erabaki dute. Besteak beste, hauek egin dituzte aurreko hilabeteetan: auto klasikoen kontzentrazioa, Putxera Lehiaketa, mendi martxa eta herri krosa. Uztailerako, motorren kontzentrazioa antolatu dute. Txori bikers Motorren Loiuko Kontzentrazioa uztailaren 14an eta 15ean izango da, goizeko 10etatik aurrera. Zapaturako izena emateak 10 euro balio du eta hura goizeko 10:30ean egin behar da udaletxeko eskaileretan. Parte-hartzaileek poltsa bat jasoko dute eta haren barruan hauek egongo dira: informazioa, txartelak, opariak eta planoak. Herriko plazan custom motorrak jarriko dira ikusgai; eta sport, naked eta turismo motorrak, Alonsotegi enparantzan. Erakusketak arratsaldeko 4ak arte egongo dira zabalik. Eguerdian txitxi-burruntzia eskainiko da eta, ostean, errepidera aterako dira motor-gidariak. Narcis Rocak akrobazien erakustaldia egingo du arratsaldeko 6etan. Ondoren, jolasak eta dezibelio proba izango dira. Saiheskia erreko da afarirako eta opariak zozketatuko dira. Parte-hartzaileek eskuan argi-zuzia dutela egingo dute jaitsiera, gaueko 22:30ean. Kontzertua Devil wow taldeak eskainiko du eta haren txanda Dj Renék hartuko du. Domekarako izena emateak bost euro balio du. Motorren erakusketak goizeko 10:30etik 11:30era bitartean egongo dira zabalik, eta 11:00etan ibilbidea egingo da. Eguerdian kopaua eskainiko da eta opariak zozketatuko dira.