Maratoi-erdi bat egingo da Loiumendi martxaren barruan

Aikor aldizkaria 2013ko urr. 24a, 10:44

Loiumendi, Loiuko mendi martxa, hirugarren aldiz antolatu da azaroaren 10erako. Ibilbide bi prestatuko dira: batak 15 kilometro inguru edukiko ditu eta helduei egongo da zuzenduta; eta besteak bederatzi kilometro edukiko ditu eta umeei egongo da zuzenduta. Gainera, nobedade bat ere egongo da, aurten lehenengo aldiz egingo delako mendi maratoi-erdi bat. Korrikalariek 21 kilometro egingo dituzte Loiuko mendietatik zehar. Nagusientzako mendi martxa goizeko 9:30ean hasiko da; maratoi-erdia, goizeko 10:00etan; eta umeentzako mendi martxa, goizeko 10:30ean. Izena ematea doanekoa izango da, eta goizeko 8:30etik aurrera egin ahal izango da Abadetxe kalean. Bertan izango dira dira irteera eta helmuga. Parte-hartzaileek ibilbide hau egin beharko dute: Loiu-Lauro-Unbe-Loiu. Ibilbidearen erdian postu bat ipiniko da janaria eta edariarekin. Probaren ostean, txitxi-burruntzia eskainiko da eta opariak zozketatuko dira. Mendi maratoi-erdiari dagokionez, sari hauek emango dira: 200 euro eta txapela, irabazleari; 150 euro, bigarrena gelditzen denari; eta 100 euro, hirugarrenari. Horrezaz gainera, lehenengoa gelditzen den loiutarrak 100 euro eta txapela jasoko ditu saritzat; eta 50 euro, bigarrena gelditzen den loiutarrak. Iaz, 500 lagun inguruk hartu zuten parte Loiumedi martxan. Aurten, maratoi-erdia ere egingo denez, parte-hartzaile gehiago egotea espero dute antolatzaileek. Gainera, aurreratu duten moduan, aurtengo proba ondo irteten bada, baliteke datorren urteari begira mendiko bizikletak ere haren barruan sartzea. Loiuko mendi martxa Udalak antolatzen duen arren, ezinbestekotzat jo dute antolatze-lanetan ibiliko diren 40 herritarren laguntza. “Beren laguntza barik ezin izango genuke hau guztia martxan jarri. Eskerrak eman behar dizkiegu”.