Apirilaren 13an, domekan, mendi martxa egingo da Elotxelerri Loiuko auzoan. Mendi martxa goizeko 9:30ean hasiko da, eta irteera zein helmuga Elotxelerriko Kultur Etxean izango da. Ibilbide bi egongo dira: bata, 12 kilometrokoa eta helduei zuzenduta; eta bestea, bederatzi kilometrokoa, eta umeei zuzenduta. Martxaren ostean, txitxi-burruntzia eskainiko da parte-hartzaileentzat.
Ekitaldia Loiuko Udalak antolatu du, eta elkarte hauen laguntza eduki du: Gautxoriak Larrondoko jai-batzordea, Danontzat elkartea eta Loiu mendi taldea. Antolatzaileek jakinarazi duten moduan, izen-emate moduan elikagai ez galkorren bat eramatea eskertuko da. Elikagaiok Danontzat Loiuko Elikagai Bankuari emango zaizkio.