Loiu laztana elkarteak bideo bat editatu du eta herrian 2013ko azken sei hilabeteetan eta 2014ko lehenengo hilabeteetan izan diren gertaerak jaso dituzte. “Loiun 47 urte eman ostean, klaratar monjek agur esan ziguten eta momentu hori grabatu genuen. Baita Iraia Iturregi loiuztarrak Bilboko jaietan emandako pregoia, herritik idiekin egindako kalejira, Elotxelerriko jaiak, abadeen ortua, motorzaleen kontzentrazioa...”. Era berean, edadeko emakumeen eta gizonen testigantzak batu dituzte. Elkarrizketatuek haurtzaroaren berri eman dute bideoan eta herriak eduki duen bilakaera azaldu dute. Loiuko abesbatzak jotako Herri txiki batean abestia ere jaso da. Orotara 50 minutuko bideoa egin da.
Elkarteak lanaren 200 ale atera ditu. Ekainaren 30ean, arratsaldeko 7:30ean, eta San Pedro eta Santa Luzia jaien egitarauaren barruan, bideoaren emanaldia izango da Ludotekan. Gainera, 25 ale banatuko dira bertara azaltzen direnen artean. Bideoa doan izangoda eta ale bat eskuratu nahi duenak elkartearekin jar daiteke harremanetan, edo udaletxean galdetu. “Etorkizunerako dokumentala da, Loiun bizi izandako momenturik adierazgarrienak batzea helburu duena, gurean zer gertatu den jakin dezagun. Herria maite duten guztiei dago zuzenduta”.