Loiuko Putxera Txapelketak 1.000 euro banatuko ditu dirutan

Aikor aldizkaria 2015eko urtarrilaren 23a

Urtarrilaren 31n, zapatuan, Putxera Nazioarteko Txapelketa egingo da laugarren aldiz Loiun. Txapelketak oso erantzun ona eduki du antolatzen hasi zen lehenengo urtetik, eta aurten ere parte-hartze handia egotea espero da. Izena emateak bost euro balio du eta hori goizeko 9etan egin beharko da. Parte-hartzaileek osagai hauek erabili beharko dituzte putxerak egiteko: indaba gorria, saiheskia, odolostea, txorizoa, urdaia, berakatza, kipula, piperra, porrua eta azenarioa. Putxerak eguerdiko 2etan aurkeztu beharko dira. Erromeria egingo da arratsaldeko 4:30ean bazkalondoa girotzeko, eta sariak 18:00etan banatuko dira. Orotara 25 sari emango dira. Txapeldunak 290 euro, txapela eta urrezko garaikurra jasoko ditu; 250 euro eta zilarrezko trofeoa, bigarrenak; 200 euro eta brontzezko trofeoa, hirugarrenak; 150 euro, laugarrenak; eta 100 euro, bosgarrenak. Era berean, trofeoak eta txakolin eta ardo-kutxak banatuko dira seigarren postutik 25. postura bitartean gelditzen direnen artean. Putxerarik onena egiten duen loiuztarrak ere jasoko du saria.