Loiuk <i>Eternal running</i> lasterketa hartuko du datorren apirilean

Aikor aldizkaria 2015ko abe. 18a, 09:43

Parte-hartzaileek hainbat oztopo gainditu behar dituzte Eternal running lasterketan, hala nola lokatzaz betetako igerilekuak, eskalatu beharreko alanbre-hesiak eta saltatu beharreko pneumatikoak. Lasterketa munduko hainbat herritan egiten da eta horietako bat Loiu izango da datorren urteko edizioari begira. Lasterketa apirilaren 10ean egingo da bertan. Josu Begoña alkateak azaldu duen moduan, kandidatura aurkeztu zuten “ahal den neurrian, Loiu mundu mailan ere zabaldu nahi dugulako”. Era berean, kandidatura hainbat arrazoirengatik onartu zen. “Udalerri honek aukera ematen du kirol ekitaldiak zentralizatzeko, eta gobernu taldeak jarrera argia erakusten du iraunkortasunerako eta ingurumena zaintzeko. Era berean, proba hartzeko, ezinbesteko baldintzak dira hainbeste jende hartzeko gaitasuna izatea, kirol kultura eta, batez ere, horrelako ekitaldi handi bati aurre egin ahal izateko gaitasun logistikoa izatea”. Eternal running lasterketan hainbat lekutatik etorritako 5.000 pertsona inguru batu ohi dira. Loiun lanean hasi dira antolakuntza arloan. “Boluntario talde bat osatu beharko da. Udalerriko kultur eta kirol dinamizaziorako bigarren plan estrategikoa abiatu dugu, eta Eternal Running lasterketa dugu plan horren buru. Horretan ere herritarrek eskuzabaltasunez lagunduko dutela uste dugu. Azken batean, Loiu lasterketaren munduko zirkuituan sartuko da Buenos Aires, Bogota, Bartzelona, Madril… bezalako hiriekin batera”. Lasterketa Galdakaon ere egingo da urriaren 22an.