Milaka garaiezinek izan zuten hitzordua Loiun

Aikor aldizkaria 2016ko api. 22a, 11:53
Izan ere, apirilaren 10ean Eternal Running lasterketa egin zen bertan. Lasterketan 4.500 parte-hartzailek baino gehiagok eman zuten izena, eta 10 kilometroan zehar hainbat oztopori egin behar izan zieten aurre. Hiru orduko epea izan zuten zirkuitua egiteko, eta lortu zutenek garaiezin titulua jaso zuten. Lehenengo aldia izan da hain proba handia antolatzen dela Loiun, eta Udaletik egin duten balorazioa erabat positiboa izan da, bai herrian egon zen giroagatik, bai parte-hartzaileen kopuruagatik. Eternal Running lasterketa ezohikoa da eta helburua ez da marka on bat lortzea, ondo pasatzea baizik. Parte-hartzaile gehienek mozorroa jantzita egiten dute ibilbidea. Sergio Baranda bilbotarra parte-hartzaileetariko bat izan zen. Loiura beste lagun birekin joan zen. “Lehenengo aldiz hartu dut parte honelako proba batean, eta egia esan, oso dibertigarria izan da. Lasterketa kateme mozorrotuta egin dugu. Proba polita izan da orokorrean, baina alde txarrak ere izan ditu. Esate baterako, gainditu beharreko oztopoak zirkuituaren hasieran eta amaieran egon dira eta bitartean zortzi kilometroko mendi martxa egin behar izan dugu. Nire ustez, oztopoak dira gakoak lasterketa honetan, eta zirkuitu osoan zehar egon beharko ziren. Gainera, parte-hartzaile gehiegi izan dira eta luze itxaron behar izan dugu oztopoak gainditzeko. Bestalde, dutxetara ailegatu orduko, ez da ur berorik egon”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).