Hegazkinen zaindariak

Aireratu ahal izateko konprobazio mekaniko ugari egin behar ditu hegazkin batek. Horiek guztiak egin baino lehen, bidaiari gehienek ezagutzen ez diren bestelako frogantzak egiten dira. Garrantzitsuenen artean, belatzen hegaldiak dira. Aireratze-pista animaliez garbi mantentzen arduratzen diren ezkutuko heroiak dira. Euren lana gutxi batzuek ezagutzen dute. Euren onespenik gabe, hegazkinak ezin dira aireratu.

Txorien herrian, txoriek agintzen dute, aireportuan behintzat. “Harana izanik, hegazti askoren igarobidea da. Bertatik 100 espezie baino gehiago igarotzen dira urtero, eta horiez gain, beti daude hegazti saldoetatik despistatzen diren antzarrak, kaioak, usoak eta bestelakoak”. Fernando Pinto Velasco jubilatzear dago. Hegazkin komertzialen artean jaso gaitu irribarretsu, txaleko islatzaile laranja batekin eta lepotik prismatiko batzuk zintzilik dituela, Loiuko aireportuko tripetan. Auto batean sartu eta aireportuari bira eman diogu Loiuko aldetik. 37 urte daramatza Fernandok AENAn, eta 35 Loiuko aireportuan ingurumen-teknikari. Gauza asko ikusi ditu gizon honek.

Aireportuko segurtasunaren arloan, aireratze-pista animaliez garbi mantentzea berebizikoa da, hegazkinekin istripuak saihesten ditu-eta: “Hegazti batek hegazkinaren motorra hondatu dezake, eta fauna kontrolaren teknikarien betekizuna ezbehar horiek ekiditea da, belatzen bidez”, adierazi du Pintok. 35 urtean hegaztiek sortutako hiru edo lau istripu ikusi ditu beteranoak Bilboko aireportuan: “Duela zenbait urte hegazkin bat aireratzeko prest zegoen eta pista kaioz beteta zegoen. Pilotuak ez zion fauna teknikarien aholkuei so egin eta aurrera egin zuen. Motorrak txori batzuk harrapatu zituen, eta hegazkinak minutu butzutara larrialdiko lur-hartzea egin behar izan zuen”. Komunikazio aeronautikoa funtsezkoa da profesio honetan, eta pilotu, kontrol-dorre eta belatz zaindarien arteko harremana estua izan behar da derrigorrean.

Era honetako arazoak saihesteko, 90. hamarkada bukaeran falkoneria zerbitzua ezartzea erabaki zuen AENAko zerbitzu zentralak. Gaur egun estatu mailako 35 aireportuk erabiltzen dute belatzen zerbitzua, oinarria Felix Rodríguez de la Fuente naturalistaren Operación Baharí proiektuan duena. El Hombre y la Tierra dokumentaletan azaltzen denez, Rodríguez de la Fuenteren arabera, belatzak erdiaroan erabiltzen ziren gazteluetan: “XI. mendeko pergaminoek gaur egungo arazoei irtenbidea ematen diete”, esaten du naturalistak Rapaces Para Proteger el Vuelo de los Aviones dokumentalean. Aireportuetako belatzen inplantazio sistemak  arrakasta izugarria izan zuen 70. hamarkadan, Madrilgo Barajaseko aireportuan bereziki.

Bilboko aireportuko helikopteroen pistaren pare-parean, fauna kontrolaren teknikarien Bizkaiko Diputazioko Nukleo Zoologikoa dago, eta bertan egiten dute lan pista animaliez garbi mantentzeaz arduratzen diren profesionalek. 35 urteko Luis Guijarro Velasco ingurumen-teknikaria da, eta Rubén Burgos Sánchez 21 urteko ingurumen hezkuntzako ikaslea. Politeknika Ikastegiko ikaslearen lehen eguna da. Hiru hilabeteko praktikak ditu eta lanbide honetan murgiltzeko gogo izugarria. Luis Ciudad Realekoa da, eta bertako aireportuan urte bi igaro ostean Bilbokora heldu zen. Hegaztiak maite ditu, belatzak bereziki: “Lana bukatu bezain pronto belatzekin egotea atsegin dut, nire pasioa da, eta hemen ez bada Ciudad Realera eramaten ditut hegan egiteko”, adierazi du hezitzaileak.

Teknikariak eraikin txiki batean egiten dute lan. Bertan, bulegotxo bat, ugalketarako laborategi txiki bat, haztegia eta belatzen lorategia daukate. Zentroan 50 belatz daude, espezie ezberdinetakoak: belatz handiak (Peregrino, gaztelaniaz), Gerifateak, Sakreak, Lanarioak, eta hibridoak. “Espezie bakoitzak bere funtzioa dauka”, azaldu du Guijarrok: kaioak, koartzak edo ubarroiak bezalako hegazti handiak uxatzeko belatz handiak erabili ohi dira (Geritafe emeak, Sacreak eta hibrido batzuk); Hegazti hotzak, usoak edo Mika bezalako hegazti ertainak uxatzeko belatz handiak, Lanarioak eta Gerifate arrak erabili ohi dira; zozoak edo arabazozoak bezalako hegazti txikientzat belatz handiak eta amerikarren arteko hibridoak erabiltzen dira. Hegaztiez gain, ugaztunak uxatzeko Harris belatza dute. “Ugaztunekin daukagun arazo bakarra aireportuko inguruetako baserrietan bizi diren katuen mehatxua da: inolako kontrol barik sartzen dira pistan eta arazo larriak sor ditzakete”, azaldu du Fernandok.

“Belatzak atletak dira eta sasoian mantendu behar dira, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere”, adierazi du Guijarrok. Teknikariek egunero ateratzen dituzte hegaztiak hegan egitera. Goizeko lehen argi izpiekin, lehen hegazkina aireratu baino lehen, belatz batzuk igotzen dituzte Belatz Autora. Buruan eskuz egindako larruzko kaskotxoak daramatzate, inguruan daukatena ez ikusteko: “Animalien zentzu nagusia baliogabetzen dugu segurtasun neurriengatik: belatzak animalia harrapariak dira, eta kaskorik eramango ez balute elkarri eraso egingo liokete, hil arte”, azaldu du Luisek. Autotik jaistean, belatza teknikariaren eskura lotuta doa. Gaur haizea gogor ari du, eta ordubetez hegan egitea zaila izango da.

Pistara heltzean, kaskoa kendu eta itxaron egiten da, hegaztia bere kabuz hegan egiten hasi arte. Hegaldi hasiera ikusgarria da. Buztaneko lumetan chip aztarnaria daramate, animaliaren posizioa seinale digitalaren bidez monitorizatuz. Beharrezko altuera eskuratzean, pista goitik behera arakatzen dute. Animaliaren bat ikustekotan, ziztu bizian joango dira haren bila: “Belatzen hegaldien %95a dispertsio erakoak izan ohi dira, beste hegaztiak pistatik uxatzeko. Soilik %5ean ehizatzen dituzte, eta animaliaren bat harrapatzen dutenean, zentrora eraman, eraztuna jarri eta aireportutik 70 kilometrora eramaten ditugu, Diputazioak uzten digun distantzia minimora behintzat”, azaldu du Pintok. “Gainera, harrapaketa-teknikak ez dira kaltegarriak harrapakarientzat”, gehitu du.

Hegaldia bukatzean, Luisek muturrean abata daraman zinta antzekoa atera du zorrotik eta alde batetik bestera mugitzen hasi da pistaren erdi-erdian, hegaztiaren arreta erakartzeko. Segundo batzuetan, belatza zaindariaren eskura bueltatu da.

 

Dispertsioa, markaketa eta kontrola

Dispertsioko hegaldiak handikeriakoak eta eskuz-eskukoak izan daitezke eta helburua harrapakina uxatzea da. Bestalde, markaketa hegaldiak daude. Markaketa hegaldiak arruntenak dira, eta horietan belatzak 300-600 metroko altuera hartzen dute, 30 minutu eta ordubete bitarteko iraupenekoak, tenperaturaren arabera: “Hegaldi mota hau Bartzelonako eta Bilboko aireportuan egiten da soilik. Orain, Madrilen ezartzen ari da”. Lurretik 600 metrora egonik kilometro bateko radioko distantziatik eraso egiteko gaitasuna dute belatzek, eta euren ikusmen eremuak arana ikusteko gaitasuna ematen die: “Eraso horietako gehienetan ez da harrapakina lortzen, baina animaliak beldurtu eta pistatik ihes egiten dute”, azaldu du Luisek.

Egunean zehar 10 - 15 hegaldi egiten dituzte burnizko txorien zaindariek. Udan, egunak luzeagoak direnez, argi ordu gehiago daude eta hegaldi gehiago egiten dira: “Eguneko lehen markaketa-hegaldia egin ostean, gainontzeko belatzek hegan egiten dute, txandaka. Asmoa belatzen % 90ak egunean hegaldi bana egitea da” azaldu du Luisek. Hegaldi saioak egiten ez daudenean, bulegoan orduak ematen dituzte teknikariek hegaztiak elikatzen, lumak zaintzen, parasitoak hiltzen eta zentroko mantenu-lanak egiten: “Elikagaia tentuz tratatu behar den esparrua da. Animalien pisua zehazki kontrolatzen dugu. Hegaztiek ez dituzte energiak edozergatik gastatzen: mugitzen badira gose direlako da”, azaldu du Ciudad Realekoak. “Gose badira, hegaztiaren errendimendua txikiagoa izango da. Horregatik, belatz batek hegaldi ona egiten badu, janari ugarirekin saritzen dugu, ekintza onak sari onarekin erlazionatzeko. Horrelaxe hezten dira belatz efizienteak”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak Whatsapp bitartez jaso gura dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALTA 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere bai. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).