Martxoaren 24an, ostiralean, abiatu ziren Marokora pilotu biak, eta apirilaren 1an bueltatzeko asmoa bazuten ere, martxoaren 29an egin zuten itzulia. “Aitak osasun arazo larriak zituela esateko deitu ziguten, eta pentsatu gabe bertan behera utzi genuen dena, Atlaseko alde hotzean”. Beraz, geratzen zitzaien materiala beste pilotuei eman eta buelta-erdia eman behar izan zuten loiuztarrek.
Aitaren osasun arazoak salbu, Manu poz-pozik dabil Marokon bizitako esperientziarekin: “Pena eman zigun lasterketa bertan behera uzteak, baina bizitakoa sekulakoa izan da eta autoa uste baino hobeto ibili da”.
2.000 km inguru, 24 ordutan
Pilotuen aitaren osasun arazoen berri izan zutenean, anaiak Marrakechetik 150 kilometrora zeuden, Atlasean. Bertatik 09:30ean irten ziren. “Autora igo eta 2.000 km egin genituen segidan, 100 km orduko bataz besteko abiaduran ”, azaldu du Manuk. Hurrengo eguneko 13:00etan heldu ziren Loiura. “Heldu orduko, aitaren osasuna geurea baino hobeagoa zen eta ezustekoan geratu zen dena, zorionez”.
Bizkaitar batzuek duela sei urte sortutako rally solidarioa da Pandemoniuma, zeinetan, auto klasikoek hartzen duten parte. “Batez ere Seat eta Fiat Pandek hartzen dute parte rallyan”, adierazi du Manu Blancok. Horiez gain, Citroën AXak, Volkswagen Poloak, Peugeot 205ak, Suzuki Samuraiak… denetarik ikus daiteke bertan. “Baldintza bakarra autoek gutxienez 25 urte izatea da”. Aurtengo edizioan Euskal Herria, Madril, Asturias eta Almeriako pilotuak izan dira rallyan.