Manel Fuentes eta Kepa Junkera, Loiuko jaietako kontzertuen artean

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 25a, 12:14

San Pedro eta Santa Luzia jaiak ekainaren 29tik uztailaren 2ra izango dira Loiun, eta hango Udalak aurreratu du zeintzuk diren bertan joko duten taldeak. Barikuan, Manel Fuentes and The Spring´s Team igoko dira eszenatoki nagusira. Katalanak eta bere taldeak Bruce Springsteen-en abestien bertsioak egiten dituzte. Dj Ibai Sánchezek lekukoa hartuko die. 

Kaotiko, Oxabi eta Fuk Sinatza taldeek zapatuan joko dute, eta Kepa Junkerak kontzertua eskainiko du domekan. Bestetik, Luhartz taldea eguenean arituko da, eta bilbainadak izango dira Mikel Basaberen eskutik. Udalak autobusa ipiniko du doan, txorierritarrak zein bilbotarrak Loiuraino hurbil daitezen eta etxera itzul daitezen.

Azaldu duten moduan, jai-batzordea orain dela zazpi urte desegin zen eta handik hona Udalak berak hartu du jaiak antolatzeko ardura. Nolanahi ere, herriko elkarteen lana azpimarratu dute, haiek ere jaietan parte hartzen dutelako. “Oso harreman ona dugu eta horri esker antola ditzakegu guztioi zuzendutako jai herrikoiak”. Elkarteak hauek dira: Loiuko Bakarrak, Loiu Laztana, Li Karate Loiu, Taekwondo Doyan Yeol Loiu, Irtxan pilota elkartea, Nagusien etxea eta Larrakoetxe herri kirol taldea.

Kultura Sailekoak azaroan hasi ziren herritarrekin batzen, euren ekarpenak eta ideiak jasotzeko. “Haien ekarpenak kontuan hartu eta adin guztietako loiuztarrei zuzendutako kontzertu-saila antolatu ahal izan dugu, garrantzitsua eta kalitatekoa dena”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).