Ekimen inportantea da Loiurako. “Udaletik saiatzen gara kirol ekintzak, eta aisialdiarekin eta osasunarekin zerikusia duten ekintzak bultatzen. Horien artean, azaroan antolatzen den mendi martxa aipatzekoa da, esate baterako. Herri eta auzoetako ekintza horietaz aparte, BKT ligan parte hartzeko aukera izan genuen, eta ikusi genuen bagenituela hori aurrera ateratzeko baliabideak”.
Loiu Trail probaren barruan hiru diziplina egongo dira: martxa MTB, trail eta martxa. Normalean, laugarren diziplina ere badago, txakur-krossa, baina zinegotziek azaldu diguten bezala, Loiun ez da egingo. “Txakur-krossa ez da uda partean egiten, beroagatik. Txakurrek ez sufritzeko”. Martxa eta trail saioetan aritzen direnek ibilbide bi edukiko dituzte aukeran: bata laburra, 10 kilometrokoa; eta bestea luzea, 20 kilometrokoa. Martxa MTB saioan parte hartzen dutenek 20 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Kirolariak goizeko 9etatik aurrera joango dira ateratzen, izena eman duten diziplinaren arabera, eta espero da ekintza eguerdiko ordu bietarako amaituta egotea.
Izena ematea interneten bidez egiten dutenek oroigarri bana jasoko dute. Bestetik, telefono mugikor zaharra eramaten dutenek euro bateko deskontua edukiko dute inskripzioan. Telefonoak Stop Sanfilippo elkarteari emango dizkiote, gaixotasunaren ikerketan eta tratamenduan laguntzeko.
Bestetik, aipatu beharra dago BKT-aren seigarren etapa Zamudion izango dela urriaren 15ean.