Gero eta gorago

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 27a, 11:01

Loiuko San Pedro eta Santa Luzia jaiak

San Joan gauagaz hasi ziran loiuztarrak motorrak berotzen, herriko jai nagusiei begira. San Pedro eta Santa Luzia jaiak ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitartean ospatuko dabez, eta Idoia Bilbao eta Asier Bilbao kultura arloko zinegotziek aurreratu deuskuen moduan, herritar guztiei zuzendutako ekintzaz beteta etorriko dira. 

 

Txupina 20:30ak arte botako ez daben arren, eguen goizean eta arratsaldean ekitaldi batzuk izango dira herrian, besteak beste, Pedro Guallar loiuztarren organu kontzertua, aurreskua, nagusien bazkaria eta dantzen erakustaldia. “Nagusien bazkaria oso girotxua eta parte-hartzailea izan ohi da; nagusi asko batzen dira bertan. Bazkalostea Iñaki Basabek girotuko dau”. Urte batzuk dira pregoia herriko alkarte batek irakurten dauala eta aurten Club Li Karate Loiuk eukiko dau horren ardurea. Kartel Lehiaketearen sariak banatuko dira – irabazlea Lourdes Leal Díaz izan da- eta Luhartz erromeria taldeak amaierea emongo deutso egunari.

Barikua indartsu dator. Kalejirea eta umeentzako jolasak egongo dira goizean, eta Miriam Cepeda eta Luis Alberto Requejo herriko musikariek organu kontzertua eskeniko dabe. Gazteentzako bazkaria be egingo da eta pala txapelketearen finalaurrekoak jokatuko dira arratsaldean. Loiu Laztana alkarteak egindako pelikulea emongo da eta tortilla txapelketearen sariak banatuko dira. Irabazleak 150 euro jasoko dauz saritzat; 100 euro, bigarrenak; eta 50 euro, hirugarrenak. Manel Fuentes & The Spring Team-ek Bruce Springsteen-en abestiak kantauko dabez 23:00etatik aurrera eta ostean rockagaz jarraituko dabe ordu txikiak arte. “Zaratea goizaldeko 6ak arte-edo eukiko dogu (kar, kar).

Zapatua egun handia da Loiuko jaietan, eta aurten be holan izango da. “Paella Lehiaketea egiten da eta herria goiz-goizetik hasten da girotzen. Laurogeita hamar koadrila inguru batzen dira, jente pilo bat, eta paellak prestaten dabezan bitartean, hamaiketakoa egiten dabe, umeentzako jolasak, eta tailerrak be badagoz... Gainera, aitatu beharra dago koadrilen % 99Loiukoak dirala eta hori oso inportantea da, bertoko jentea goiz-goizetik eta egun osoan dabilelako herria girotzen. Lehiaketan parte hartu ahal izateko, partzelea aldez aurretik hartu behar da eta jenteak urte batetik bestera emoten dau izena. Batzuek txapelketea martxan ipini zanetik, hau da, 13 urte, daroez  parte hartzen”. Danera, 12 sari emongo dira eta nagusiak honeek izango dira: 250 euro, paellarik goxoena egiten dauan koadrilarentzat; 200 euro, bigarrenantzat; 150 euro, hirugarrenantzat; eta 100 euro, laugarrenantzat. Funk Sinatra taldeak musika saioa eskeniko  dau, eta pala txapelketako finalen ostean, Kaotiko eta Oxabi taldeek hartuko dabe lekukoa. Kontzertuak 23:00etan hasiko dira.

Oihartzun handia

Udalak doako autobus-zerbitzua ipiniko dau Loiura hurbildu eta etxera itzultzeko, bai barikuan, bai zapatuan. “Autobus bik urtengo dabe Larrabetzutik 22:00etan eta 23:00etan; eta gero, autobus bat 03:15ean eta 05:00etan, Loiutik Txorierriraino; eta beste bat, Loiutik Ibarrekolandaraino. Ondo funtzionaten dauen zerbitzua da, asko eskertzen dana, holan autoa hartu behar izatea ekiditen dalako, eta Loiuko gazteek beste herri batzuetan daukiezan lagunak be hona hurbiltzera animaten diralako”. Autobusak Txorierriko ohiko geldialdiak egingo dauz.

Barikuan eta zapatuan egindako parrandearen ostean, nasai-nasai etorriko da domekea. Padel txapelketearen finalak jokatuko dira goizean, eta karate eta taekwondo erakustaldiak egongo dira. Baita eskupelota txapelketea be. “Programa nahiko polita eukiko dogu jaietako azken egunerako. Umeentzako magia ikuskizuna egongo da, idi-probak eta Kepa Junkeraren emonaldia. Txokolatada ostean Patxiko erreko da”.

Zinegotziak pozik agertu dira antolatutako jai-egitarauagaz eta, euren ustetan, jentea erakarriko dau herriko jaietan parte hartzera. “Herritarren eretxiak eta iradokizunak kontuan hartu eta horreek beteten saiatu gara. Adin guztietarako ekintzak egongo dira. Loiuko jaiak gero eta gorago dagoz eta kontzertuek oihartzun handia daukie inguruko herrietan be. Era berean, asmatu egin dogu karpea ipinten, bertan babestuago egoten garelako hotzetik eta euritik... Loiuko jaietan euririk egiten ez dauala urte batzuk diran arren”. Beraz, euriagaz edo euririk ez dala be hitzordua dogu Loiun ekainaren 29tik uztailaren 2ra arte. 

 

Ekainak 29, eguena. San Pedro

12:00: Mezea eta organu kontzertua, Pedro Guallarren eskutik.

13:00: Ohorezko aurreskua.

14:30: Nagusien bazkaria, Gure etxea nagusien elkarteak antolatua, karpan.

Ostean, bilbainadak Iñaki Basabegaz, eta dantza lehiaketea.

17:00: Pala Txapelketearen finalaurrekoak, frontoian.

18:00: Pala Txapelketearen 2. finalaurrekoak, frontoian.

19:30: Goi-Alde dantza taldearen saioa, karpan.

20:30: Txupina eta pregoia, Li Karate Loiu alkartearen eskutik.

Pantxikoren igoerea.

  1. Kartel Lehiaketearen sariak banatzea.

  21:30: Erromeria, Luhartz taldeagaz, karpan.

 

Ekainak 30, barikua. Santa Luzia

11:00: Kalejirea.

12:00: Umeentzako jokoak, Loiuko Bakarrak alkatearen eskutik, karpan.

12:00: Mezea eta organu kontzertua: Miriam Cepeda – Luis Alberto Requejo.

Hamaiketako herrikoia, Batzoki aurrean.

14:30: Gazte bazkaria, Loiuko Bakarrak alkartearen eskutik.

18:00: Pala Txapelketearen finalaurrekoak (2. kategoria), Irtxan pelota alkarteak antolatua, frontoian.

19:00: Pala Txapelketearen finalaurrekoak (1. kategoria), Irtxan pelota alkarteak antolatua, frontoian. 

20:00: Etxeatze pelikulea, Loiu Laztana alkartearen eskutik.

21:00: IV. Tortilla Txapelketara tortillak aurkeztea.

22:30: Sariak banatzea.

23:00: Kontzertuak: Manel Fuentes & The Spring Team, Rock & Classics eta Dj Ibai.

 

Uztailak 1, zapatua

10:00: XIII. Paella Txapelketea.

12:00: Umeentzako tailerrak, paellen zelaian.

14:00: Paellak aurkeztea.

16:30: Apar jaia / Mus Txapelketea, Loiuko Bakarrak alkartearen eskutik.

17:30: Sariak banatzea.

18:00: Funk Sinatra taldea, Paellen zelaian.

18:30: Pala Txapelketearen finalak (1. eta 2. mailak), Irtxan pelota alkarteak antolatua, frontoian.

23:00: Kontzertuak: Kaotiko eta Oxabi.

 

Uztailak 2, zapatua

11:00: Padel Txapelketearen finala (andrak eta gizonak).

12:00: Club Li Karate Loiu eta Club Taekwondo Doyan Yeol taldeen erakustaldia, karpan.

12:30: Eskupelota txapelketea, frontoian.

18:00: Magia ikuskizuna, karpan.

18:30: Idi-probak, Larrakoetxe herri kirol alkartearen eskutik.

20:30: Kontzertua: Kepa Junkera.

22:30: Txokolatadea eta Patxiko erretzea. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).