Loiuko Udala herriko irisgarritasuna hobetzen dabil Larrondon eta Iberren

Aikor aldizkaria 2017ko ira. 22a, 12:44

Loiuko Udalak Larrondoko tren-geltokirako sarbidea hobetuko du eta horretarako, espaloia jartzeko lanak hasi ditu bertan. “Herritarren kezka eta eskaera historikoa da hori”, esan du Josu Andoni Begoña alkateak. 

Eusko Jaurlaritzak duela gutxi berriztu zuen Larrondoko tren-geltokia, eta horretarako 350.000 euroko inbertsioa egin zuen. Espaloi berria egiteko, Loiuko Udalak 165.000 euroko inbertsioa egingo du, eta haietako 30.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko du. Lanak hilabete bi barru bukatuko dira. Horiei esker, zoladura jarriko da eta zonalde horren irisgarritasuna hobea izango da, batez ere oinezkoentzat, Geltoki bidean eta Larrondogoiko kalean.

Beste alde batetik, Loiuko Udalak autobus-geltoki berri bat jarri du Iberre auzoan, Iberre bideak eta BI-3707 errepideak bat egiten duten lekuan, hain zuzen ere. Gainera, markesina jarri dute bertan, bidaiariak eguraldi txarra dagoenean, han babesteko. Era berean, lanak egin dira Iberren auzoko irisgarritasuna eta seinaleztapen-sistema hobetzeko.

Orain arte, BI-3707 errepidean geraleku bakar bat zegoen Loiurako norabidean, baina ez zegoen behar bezalako geltokirik. Ondorioz, arriskutsua zen oinezkoentzat handik ibiltzea, espaloirik ez zegoelako eta autoek ikuspen gutxi zutelako. Udalak espaloia atondu du eta zebra-pasagune bat jarri du, baita semaforo bat ere, geltoki berrira errazago eta seguruago heltzeko. Beraz, bidaiarien segurtasuna handiagoa da eta autobusa geltoki berrian sartuko denez, ez du trafikoa oztopatuko.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).