Aho batez onartu dituzte 2018rako aurrekontuak Loiun

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 30a, 12:02

Loiuko gobernu-taldeak, EAJk, 2018. urterako aurrekontuak aurkeztu ditu udalbatzaren osoko bilkuran, eta bertan ordezkariak dituzten alderdi guztiek –EAJ, EH Bildu eta PP- aldeko botoa eman dute. Josu Andoni Begoña alkateak adierazi duenez, lehenengo aldia da hiru alderdiek aurrekontuak aho batez onartzen dituztela. 

“Legegintzaldiaren hasieran oposizioari jakinarazi genion, guk gehiengo osoa izan arren, haiek eta haien ekarpenak hartuko genituela kontuan herriaren garapenari zegokionez. Gobernu-taldeak hitza bete du eta, loiuztar guztien onurako, prest azaldu gara hainbat arlotan adostasuna lortzeko”. Hala, aurrekontuetan PP alderdiak inbertsio arloan egindako proposamenak jaso dituzte, baita EH Bilduk gizarte arloan egindakoak ere.   

Begoñak esandakoaren arabera, aurrekontuak 3,5 milioi eurokoak dira eta  % 5eko igoera eduki dute aurreko ekitaldikoen aldean. Izan ere, Udalkutxatik, udal finantzaketarako funtsatik, etorritako zenbatekoa ere handitu da. “Aurrekontuetan oinarrizko ildo batzuk batu dira, udalerri saneatua izaten jarraitzeko, eta udaleko diru-kutxak egoera onean egon daitezen”.     

“Aurrekontu horiei esker, herrirako oso beharrezkoak eta berehalakoak diren proiektuak eraman ahalko dira aurrera. Proiektuok loiuztarren eskaeretan oinarritzen dira, herritarrek jakinarazteko beharrizanak kontuan eduki ditugulako”. Lehentasunezko egitasmoen artean, aipatzekoa da “Hariztondo-Txiline” sektorean etxebizitzak egingo direla. Era berean, oinarrizko zerbitzu publikoak ere aztertzen dabiltza, “Loiu erreferentziazko udalerria bihurtuko dutenak eta jendea hona erakarriko dutenak”.

Alkatearen hitzetan, aurrekontuek Loiu suspertu, bultzatu eta modernizatzea dute helburu. “Aurrekontu koherenteak dira, orekatuak eta kaudimenduak, gobernu-taldeak Agintaldiaren Planean aurkeztu zituen 188 jardunbideak burutu ahal izateko. Jardunbide horien % 62 burutu dira dagoeneko, eta 2018rako aurrekontuak gainontzekoetara zuzenduko dira”.

Bestetik, euskarara, berdintasunera eta lan eta gizarte politiketara zuzendutako diru-partidak % 50 handituko dira, eta gazteei, helduei eta nagusiei zuzendutako zerbitzuak sendotuko dira. Horrezaz gainera, ekipamendu berriak ipini eta inbertsio publikoak egingo dira, hala nola, bus geraleku berriak, espaloi berriak, auzoak batuko dituen bidegorria, etxebizitza-plan partzialaren garapena, eta Loiuko Antzokia. Azken egitasmo hori “kultura arloan Loiuko bandera-ontzia izango da datozen urteotan”. Loiuztarrek euren iritzia eman ahalko dute antzokiaren proiektuari buruz.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).