Loiuztarrek gimnasioa eta musika entseguetarako lokala dituen antzokia aukeratu dute

Aikor aldizkaria 2017ko abe. 19a, 12:15

Barikuan, ehun loiuztarrek baino gehiagok hartu zuten parte herriko antzoki berria aukeratzeko bozketan. Parte hartzaileek egitasmo bi eduki zituzten aukeran. 

Alde batetik, gaur egungo Kultur Etxeko beheko solairuan kokatzea aurreikusten den antzokia, besteak beste, 115 lagunentzako tokia eta biltegia edukiko dituena. Eta bestetik, Udaletxearen atzeko landan eraikiko den antzokia, 105 lagunentzako tokia, gimnasio bat eta musika entseguetarako lokal bat edukiko dituena. Udaletxetik jakinarazi duten moduan, hautesleen % 90ek bigarren proiektua nahiago izan dute.

Antzoki berria erdi lurperatuta egongo da. Eraikinak solairu bi edukiko ditu. Auditorioak 105 lagunentzako lekua izango du, eta harmailen azpian gela bi egongo dira. Batean gimnasioa eta kirol zein kultur jarduerak egiteko balio anitzeko gune bat atonduko da; eta bestean, musika entseguetarako lokala ipiniko da. Bestalde, kanpoko aldean, eta berdegune batean, 200 lagunentzako tokia atonduko da.

Loiuko Udalak datorren urtean ekingo die antzokiaren eraikitze-lanei. Antzokia Loiuko kultura eta aisialdiko garapenaren gune nagusia izango da datozen urteetan. Horrezaz gainera, herriaren elementu zentralizatzailea izango da, eta kultura suspertzeko elementu dinamizatzailea ere bai. Aldi berean, “ezinbesteko lotura izango da gaur egungo alde zaharraren eta Loiu berriaren garapenaren artean”. Txorierriko Mankomunitatean antolatzen dituen ekitaldien zirkuituan sartzen ere ahaleginduko dira. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).