Loiuko udalbatzak saihesbidea egiteko eskatu dio Aldundiari

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 26a, 10:39

Egunero, 8.000 lagun ibiltzen dira Loiuko herrigunetik: bai autobusak, herriko sei ikastetxeetara bidean; bai autoak, aireportura eta Teknologia Parkera bidean. Hori dela-eta, azken hilabeteotan, hainbat eta hainbat istripu gertatu dira Zabaloetxeko bidegurutzean eta Landatxueta auzoan. 

Loiuko Udalak uste du egoera aldatu behar dela eta udalbatzak aho batez onartu du mozio bat, Aldundiari saihesbidea eraikitzeko eskatzeko. Gainera, proiektua egiten den bitartean, inguru horretan segurtasuna bermatzeko neurriak eskatu dizkiote loiuztarrek Aldundiari.  

Esate baterako, zinegotziek Zabaloetxeko bidegurutzean biribilgunea eraikitzeko proposamena egin diote Aldundiari. “Mesedegarria izango litzateke, trafikoak sortzen dituen arazoak ekiditeko”, esan dute. Gainera, inguru horretan dauden semaforoak ez dira argiak. “Neurriak ez dira egokiak, gidariek ez dituzte semaforoak errespetatzen eta, ondorioz, istripuak gertatzen dira. Semaforoak aldatu behar dira eta beren maiztasuna ere aldatu behar da. Hori egiten bada, trafiko-ilarak bukatu egingo dira”.

Aldundiak udalbatzaren eskaerari erantzuten dion bitartean, segurtasuna indartuko du Udalak Landatxuetan. Ildo horretatik, udaltzainek trafikoa zuzenduko dute, umeek eskolara joateko errepidea gurutzatu behar dutenean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).