Azken urteetan, parte-hartzaileen kopurua gero eta txikiagoa zen eta horri buelta emateko, antolatzaileek erabaki batzuk hartu zituzten duela urte bi. Nobedade horiek aurtengo edizioan ere jarriko dira martxan. Batetik, izena emateko kuota nabarmen murriztu zuten; lehen 70 eurokoa zen eta, gaur egun, 40 euro ordaindu beharko du lehiakide bakoitzak. Horren truke, lekua eta toldoa eskainiko dituzte antolatzaileek. Bestetik, lehenengo lau sailkatuek dirua jasoko dute saritzat; hurrengo zortziek, opariak.
Txapelketaren oinarriak hauexek dira: lehiakide bakoitzak paella bakar bat aurkeztu beharko du 13:30etatik 14:30era bitartean, eta landan bertan egin beharko du. Parte-hartzaile bakoitzak osagaiak eta arroz mota aukeratu ahal izango ditu. Sariak egun berean, 17:30ean, banatuko dira. Irabazleak 250 euro, txapela eta urrezko garaikurra jasoko ditu; bigarrenak, 200 euro eta zilarrezko garaikurra; hirugarrenak, 150 euro eta brontzezko garaikurra; eta laugarrenak, 100 euro.