Loiuk ia 4 milioiko aurrekontuak onartu ditu 2019rako

Aikor aldizkaria 2018ko abe. 18a, 07:41

EAJk eta EH Bilduk aldeko botoa eman zuten, eta PP abstenitu egin zen. Aurtengo aurrekontuen aldean, 2019koek % 6,03ko igoera edukiko dute, eta, adierazitakoaren arabera, zergak bere horretan utziko dira.

Aurrekontuek herritarrak eta horien beharrizanak dituzte ardaztzat, eta, beste jarduketa batzuen artean, etxebizitza berria bultzatuko da Hariztondo –Txiline gunean, frontoia berrituko da, Zamarriparaino luzatuko dira bidegorria eta espaloia, eta Loiu Antzoki (kultura etxe berria) garatuko da.

Bestetik, EH Bilduk euskararen, ondare ekologikoaren eta kaleratzeen kontrako protokoloaren inguruan egindako proposamenak jaso dituzte aurrekontuetan, eta PPrekin bigarren mailako saneamendu-sarea berritzea adostu dute. Era berean, aurrekontuak gizarte politikak eta kultura eta kirol arloko ekintzak finantzatzeko ere erabiliko dituzte. Herriko elkarteak diruz laguntzeko ere bai.