Loiuztarrak oso pozik azaldu dira udal kudeaketarekin

a: www.josuandoni.eus 2019ko urt. 3a, 12:41

Bertako alkatearen webgunean (www.josuandoni.eus) irakurri dugun moduan, Gizaker enpresak inkesta bat egin du, eta horrek helburu hau eduki du: loiuztarrek Udalaren eta udal zerbitzuen inguruan duten iritzia ezagutzea. Herritarren eskaerak ere jaso dira inkesta horretan.

Galderei 18 urtetik gorako 300 lagunek erantzun diete, eta inkesten % 6 euskaraz egin dira; eta % 94, gaztelaniaz. Inkestatuek Udalak 2015etik 2018ra bitartean aurrera eraman duen kudeaketa aztertu dute, eta, webgunean adierazitakoaren arabera, emaitzak oso pozgarriak izan dira, herritarrek Udalari 7,48ko nota eman diote eta.

Inkestatuek oso ondo balioetsi dituzte udal zerbitzuak, hala nola parkeen zaintza, ikastaroak, zabor-bilketako zerbitzua, herri lanak, gizarte-zerbitzuak, herritarren segurtasuna eta argiak.

Bestetik, Larrondoko biztanleei galdetu diete Udalak auzoan dituen lokalei buruz. Inkestatuen % 45,3k erantzun du lokal horietan gimnasio txiki bat atondu litekeela; % 43k, kirol ekintzak egiteko erabilera anitzeko gela bat; eta % 41ek, ultramarinoen denda bat. Bere webgunean, Josu Andoni Begoña alkateak aipatu du hiru proiektuek oso emaitza parekatuak eduki dituztenez beste kontsulta bat egin beharko luketela.

Inkestaren emaitzen arabera, herritarrek oso iritzi ona dute Loiuko Udalari eta alkateari buruz. Azkenik, herritarren % 78k adierazi du anbulatorioa gutxienez astean behin arratsaldean irekita egon beharko litzatekeela, eta lau loiuztarretatik hiruk esan dute udal igerilekuak egotea gustatuko litzaiekeela.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).