Indaba-usaina dago Loiun

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 25a, 13:33

Bihar, urtarrilaren 26an, Loiuko Putxera Lehiaketa egingo da zortzigarren aldiz, bertako Udalak antolatuta. Lehiaketa 09:00etan hasiko da, Zabaloetxe auzoan, eta izena ematea 09:00etatik 11:00etara egin beharko da liburutegian. Izena emateak bost euro balioko du.

Putxerak 12:30etik 14:30era aurkeztu beharko dira. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste putxera aurkeztu ahalko du, baina bakoitzeko izena emate bat egin beharko du. Indaba gorriak, beltzak edo pikartak erabili ahalko dira, baita osagai hauek ere: txorizoa, odolosteak, urdaia, azenarioa, saiheskia eta behi-hegala. Epai-mahaiak aurkezpena, zaporea eta egosketa.

Orotara 30 sari emango dituzte: 20 sari orokor eta 10 tokiko sari. Irabazleak 290 euro, txapela eta urrezko garaikurra jasoko ditu; bigarrenak, 250 euro eta zilarrezko garaikurra; hirugarrenak, 200 euro eta brontzezko garaikurra; laugarrenak, 150 euro eta ardoa; eta bosgarrenak, 150 euro eta txakolina. Besteen artean garaikurrak, ardoa eta txakolina banatuko dira. Tokiko sariei dagokienez, lehenari 200 euro eta txapela emango diote; bigarrenari, 150 euro eta garaikurra; hirugarrenari, 100 euro eta garaikurra; eta gainerakoei, garaikurrak, ardoa edo txakolina. Gainera, Gizarte-sareak Saria ere egongo da. Horrek #putxerasloiu hastag-a erabilita Facebook-era, Instagram-era edo Twitter-era igotzen den argazkirik onena sarituko du. Sariak 19:00etan banatuko dira Zabaloetxeko frontoian. Bestetik, aipatu beharra dago Akerbeltz taldeak bazkalostea girotuko duela, eta sariak eman ostean musikak 21:00ak arte jarraituko duela.  

Loiuko Putxera Lehiaketak jende asko erakartzen du urterik urte: Txorierrikoak zein Bizkaikoak eta inguruko probintzietakoak. Iaz, esate baterako, 134 putxera aurkeztu ziren.   

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).