143 kuadrillak hartu zuten parte Loiuko Putxera txapelketan

Aikor aldizkaria 2019ko urt. 28a, 14:07

Urtarrilaren 26an, Loiuko Udalak Nazioarteko Putxera Txapelketa antolatu zuen zortzigarren aldiz. Guztira, 143 kuadrillak hartu zuten parte txapelketan, iaz baino sei gehiagok. Horien artean 30 sari baino gehiago banatu ziren. Epaimahaikideen ustez, Joseba Koldobika Larrauri getxoztarrak prestatu zuen putxerarik onena. Era berean, Loiuko indabarik gozoenak Izaskun Aurrekoetxeak egin zituen.

Azken egunotan oso eguraldi txarra egin du, baina zapatuan atsedena eman zuen, euririk egon ez zelako. Giro aparta egon zen egun osoan: lehiaketa goizean egin zen, eta ostean, herri bazkaria. Han 400 lagun baino gehiago batu ziren. Herriko frontoian guztiontzako lekurik egon ez zenez, batzuk plazan gelditu ziren bazkaltzen. Bazkalostekoa girotzeko, Akerbeltz taldeak erromeria eskaini zuen.

“Udala, antolatzaileok, poz-pozik gabiltza. Hobetzeko zerbait beti dago, baina ezin dugu gehiagorik eskatu: eguraldi ona, jende asko, parte-hartzaile gehiago… Horietako batzuk kanpokoak dira: Reinosa, Orduña, Balmaseda… Eta gehienak aurreko urteetan ere etorri ziren. Izan ere, Putxera Txapelketara etortzen dena hurrengo urtean berriro ere etortzen da”, esan du Idoia Bilbao zinegotziak. “Eskerrak eman nahi dizkiegu txapelketan parte hatu dutenei eta laguntza eskaini digutenei. Horiek datorren urtean txapelketa berriro antolatzeko gogoa piztu digute”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).