Landatxueta jatetxeko bezeroek ez dute uste dirua berreskuratuko dutenik

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 1a, 15:10

Landatxueta jatetxea itxi da. Antza denez, Loiuko jatetxeak arazo ekonomikoak ditu, eta, nahiz eta datozen hilabetetarako hainbat erreserba izan, ez da berriro irekiko. Horrek kezka eragin die erreserba eginda dutenei, batez ere batzuek fidantza ordaindu baitute. Jatetxekoak horiei deitzen hasi dira eta dirua itzuliko dietela esan diete. Gainera, kontratatutako ospakizunak beste jatetxe batzuetan egiteko aukera ere eskaini diete. Hala ere, bezeroek ez dute uste dirua berreskuratuko dutenik.

El Correo egunkariak adierazi duen moduan, jatetxekoek esan dute negozioa ez zela errentagarria. “Jatetxea itxi dugu, ekonomikoki bideragarria ez delako, ez dugu inolako gaitzusterik izan. Saiatu gara aurrera egiten, baina ezinezkoa izan da. Erreserba-kopurua izugarri jaitsi da azken urte hauetan: gero eta ezkontza gutxiago egiten dira, gaur egungo ezkontzetan gero eta gonbidatu gutxiago daude… Ezin gara bizi, bakarrik 50 jaun-hartze antolatzen baditugu. Sentitzen dugu bezeroengatik. Ez da egoera erraza, ez guretzat, ez haientzat. Oso adikor dabiltza”. Aikor! aldizkariak jatetxera deitu du, baina ez dugu erantzunik jaso.

Erreserbak galdu dituzten bezeroak elkarrekin harremanetan daude. Guztira, 40 lagunek osatu dute WhatsApp talde bat, iritziak elkartrukatzeko. Gainera, Landatxueta jatetxeko konkurtsoko administratzailearekin hitz egin dute, fidantzak kobratzeko izapideak martxan jartzeko. Susana Garcia da horietako bat. Barakaldoko neskak alabaren jaun-hartzea Landatxuetan egiteko asmoa zuen ekainaren 8an. “Jatetxea itxi izanak ustekabez harrapatu ninduen eta haiekin hitz egiten saiatu nintzen. Azkenean, Arantza jatetxeko kudeatzaileak deitu zidan egoeraren berri emateko. Ekitaldia egiteko, beste jatetxe bat eskaini zidan, eta kontu-korronteko zenbakia emateko eskatu zidan. Esan zuen datorren asterako kobratuko genuela, baina ez dut sinetsi”. Susana etsituta dago. “Dirua galdutzat ematen dugu, baina txarrena da alabak eta biok harrapatu dugun atsekabea”.

Laura Mendez zornotzarrak ere egin zuen erreserba Landatxuetan. Laura irailaren 7an ezkonduko da, baina orain ez dauka ezkontza ospatzeko jatetxerik. “2018ko urrian, 1.500 euroko fidantza ordaindu nien, dena dirutan, eurek eskatu ziguten moduan. Baina lehengo astean, lagun batek jatetxea itxita zegoela esan zidan. Facebooken bidez harremanetan jarri nintzen beste bezero batekin eta berak azaldu zidan egoera”. Laura jatetxera deika eta deika ibili zen, eta atzo, azkenean, kudeatzaileak Susanari esandakoa errepikatu zion: dirua itzuliko zietela eta beste jatetxe bat eskaini zion ezkontza bertan egiteko. “Guri esan zigun irailerako kobratuko genuela, baina jakin badakit ez digutela dirurik emango”.  

Landatxueta jatetxea 1999an jarri zen martxan; harrezkero, hainbat ekitaldi –ezkontzak, jaun-hartzeak, bataioak…– ospatu dira bertan. Enpresa kudeatzaileak urtarrilaren 25ean deklaratu zuen hartzekodunen konkurtsoa. Langileak azaroan utzi zioten kobratzeari. Zorrak bezeroekin ez ezik, beste hartzekodun batzuekin ere omen badituzte. “Yolanda jatetxeko konkurtsoko administratzailearekin hitz egin dugu, eta, bere esanetan, Landatxuetak milioi bateko zorra du”, esan digu Susana Garciak.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).