Kaotiko eta Mojinos Eskozíos, Loiuko jaietan

Aikor aldizkaria 2019ko eka. 26a, 09:10

Ekainaren 27tik 30era San Pedro eta Santa Luzia ospatuko dabez Loiun, eta hango Udalak jai-egitarau oparoa antolau dau herritar guztiek ederto pasatzeko. Besteak beste, kirola, gastronomia eta musikea izango dira nagusi asteburuan

Jaien hasiera ofiziala arratsaldean izango dan arren, ekintzak goiz-goizetik hasiko dira eguenean: organo kontzertua, nagusien bazkaria, bilbainadak eta pala txapelketea. Pregoia Beste Bira atletismo klubak botako dau eta, aurreratu dabenez, atletismoaren balioetan oinarritutako mezua irakurriko dabe. “Ohore handia da herriko jaietako pregoia botatzea. Oso eskertuta gagoz eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Berbea atleta txikiek hartuko dabe”. Loiuko atletismo kluba orain dala urte bi sortu zan eta harrezkero buru belarri aritu da Txorierrin atletismoa bultzatzeko. Gaur egun, bost urtetik gorako 60 kirolari inguru dagoz haren barruan. “Honen moduko esker ona beste akuilu bat da aurrera jarraitzeko”. Pregoia bota ondoren, dantza modernoaren erakustaldia eta Mexikoko abestiak egongo dira.

Barikua gazteen eguna izango da eta Loiuko Bakarrak gazte alkarteak triki-poteoa, bazkaria eta elektrotxarangea antolatu dauz egun horretarako. Horrezaz ganera, padel eta tortilla txapelketak egingo dira eta El cura y el moribundo pelikulea ikusteko aukerea be egongo da, Loiuko Laztana alkartearen eskutik. Bestalde, herriko txikiek Bihotzak diskofestagaz gozatu ahal iznago dabe, eta 23:00etatik aurrera Kaotiko musika taldea igoko da agertokira. Ondoren, Akerbeltz erromeria taldeak hartuko dau lekukoa.

Paella txapelketea Loiuko jaietako ekintzarik erakargarrienetarikoa da eta zapaturako, San Pedro egunerako, antolatu dabe. Paellak protagonista nagusia izango dira egun horretan, baina beste ekintza batzuk be egongo dira, hala nola Freestyle bike show-a, mus txapelketea eta zenbait musika-saio. Era berean, joko birtualak izango dira paellen zelaian, eta arratsaldean photocall bat ipiniko dabe. Asier Bilbaoren ikuskizunaren ostean, Mojinos Eskozios taldearen umorezko rock lotsagebeak ez dau publikoa hotz itxiko; ez horixe. Dj Ibai Sanchezek goizaldea girotuko dau.

Domekan, Santa Luzia egunean, egingo diran ekintzen artean honeek aitatu daikeguz: eskupilota txapelketea, organo kontzertua, Slalom drift erakustaldia, magia ikuskizuna, dantzak eta erromeria. Bestetik, barikuan, zapatuan eta domekan umeentzako jolas-parkea egongo da goizez zein arratsaldez, eta liburutegian argazkigintza tailerraren lanak ikusgai ipiniko dira.

Ekainak 27, eguena. Jubiladuen eguna

12:30 Mezea, San Pedro eleizan.

13:00 Organo kontzertua: Miriam Cepeda eta Luis Alberto Requejo. San Pedro eleizan.

14:30 Nagusien bazkaria, Gure Etxea alkarteak antolatua.

16:30 Bilbainadak, Iñaki Basaberen eskutik. Gure Etxea alkarteak antolatua.

17:00 Dantza txapelketea.

17:30 Pala txapelketearen finalaurrekoa (1. kategoria), Irtxan taldeak antolatua. Frontoian.

18:30: Pala txapelketearen bigarren finalaurrekoa (1. kategoria), Irtxan taldeak antolatua. Frontoian.

20:00 Pregoia eta txupina, Beste Bira Loiu alkarteagaz.

20:15 Dantza modernoaren erakustaldia.

20:30: “Elegancia mexicana” ikuskizuna, Mariachi Imperial taldearen eskutik.

 

Ekainak 28, barikua. Gazteen eguna

11:00 Kalejira.

13:00 Hamaiketakoa, Loiu hotelean.

13:30 Triki-poteoa, Loiuko Bakarrak gazte alkarteak antolatua.

15:00 Gazteen bazkaria, Loiuko Bakarrak gazte alkarteak antolatua.

18:00 Padel txapelketearen finala: emakumezkoak eta gizonezkoak.

18:30 Elektrotxarangea, Loiuko Bakarrak gazte alkarteak antolatua.

19:30 El cura y el moribundo pelikulea, Loiu Laztana alkartearen eskutik. Liburutegian.

20:00 Diskotxiki: Bihotzak.

21:00 VI. Tortilla txapelketea.

22:00 Sariak banatzea.

23:00 Kontzertuak: Kaotiko + Akerbeltz.

 

Ekainak 29, zapatua. San Pedro eguna

10:00 XV. Paella Txapelketea, paellen zelaian.

13:00 Freestyle bike show-a.

13:30 Paellak aurkeztea, paellen zelaian.

16:00 Apar-jaia, paellen zelaian.

16:30 Musika: Five Direction, paellen zelaian.

17:00 Mus txapelketea, Loiuko Bakarrak alkarteak antolatua. Aterpean. 

18:00 Paella txapelketearen sariak banatzea.

18:15 Pala txapelketearen finalak (1. eta 2. kategoriak), Irtxan alkarteak antolatua. Frontoian.

18:30 Jamaica Orkestra, paellen zelaian. 

23:00 Euskabaret ikuskizuna, Asier Bilbaoren eskutik.

00:30 Kontzertuak: Mojinos Eskozíos + Dj Ibai Sanchez.

 

Ekainak 30, domeka. Santa Luzia eguna. Txikien eguna

11:00 Eskupilota txapelketea, frontoian.

12:00 Mezea, San Pedro eleizan.

12:30 Organo kontzertua: Pedro Guallar, Idoia Perez eta Javier Campo. San Pedro eleizan.

12:50 Ohorezko aurreskua, San Pedro eleizan.

13:00 Slalom drift erakustaldia.

18:00 Oliver magoa.

19:00 Dantzen agerraldia, Goi Alde dantza taldearen eskutik.

20:00 Erromeria: Luhartz.

21:00 Txokolatadea.

22:00 Jaien amaierako trakea.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).