Loiuko aurrekontua ia % 8 handitu da

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 28a, 14:29

Loiuko udalbatzak lau milioi euroko aurrekontua onartu du 2020rako; % 7,8 gehiago, aurreko ekitaldiaren aldean. Josu Andoni Begoña Loiuko alkatearen esanetan, aurrekontu koherentea, orekatua eta kaudimenduna da, eta Agintaldiko Plana gauzatzea du helburu. Plan horren harira, 10 esparru estrategikotan, udalak 210 egitasmo aurrera eramateko asmoa du. Aurrekontua aho batez onetsi dute.

Begoñak adierazi duenez, aurrekontuak loiuztarren ongizatea du xede nagusitzat. Horrela, bada,  “gizarte-politiken alde egiten du” eta “gaur egun ditugun kalitateko zerbitzu publiko guztiak mantendu eta hobetzea ere badu ardatz”. Era berean, erantzuna emango die herritarren eskaerei. Hamar arlo estrategikotan, gobernu-taldeak 210 proiektu jorratzeko asmoa du, eta, Begoñak adierazitakoaren arabera, 2020. urtean “Loiun inoiz egin den inbertsiorik handiena egingo dugu, bai kultura-arloan, bai hirigintza-arloan”.

Besteak beste, Etxebizitza Plana garatzen jarraituko dute, eta Loiuko Antzokia altxatzeko lanak 2020. urtearen hasieran hasiko dira. Udal-kiroldegia ere egingo da eta Gazteguna eta Ludoteka berrituko dira. Larrondoko umeentzako parkea estaliko da, eta bidegorria zabalduko da Zamarriparaino. Halaber, Tokiko Lehen Enplegu Plana ipiniko dute martxan, eta jarraipena emango diote herriko kultura eta gizartea dinamizatzeko plan estrategikoari. “Azpimarratu beharra dago kontuetan ez dagoela ez defizitik, ez zorpetzerik”, esan du Begoñak. “Gizarte-politikak, kalitatezko oinarrizko zerbitzuak mantentzea eta udalerriko ekonomia sustatzea lehenesten ditugu. Horrezaz gainera, Loiu Bizkaian ezagun egiten duten kultura-, kirol-, musika- eta gastronomia-ekitaldiak bultzatzen jarraituko dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).