Euskal Herriko Putxera Txapelketa bihar izango da Loiun

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 24a, 13:10

Orotara 2.440 euro banatuko dituzte saritan eta hainbat garaikur ere emango dira. Izena ematea bihar bertan egin beharko da udal-liburutegian 09:00etatik 11:00etara, eta parte-hartzaile bakoitzak nahi beste putxera aurkeztu ahalko dute: putxera bakoitzeko inskripzio bat egin beharko du. Iaz 140 putxera aurkeztu ziren.

Putxera egiteko, osagai hauek erabili ahalko dira: babarrun gorriak, beltzak edo pikartak, txorizoa, odolostea, urdaia, azenarioa, saiheskia eta behi-hegala. Irabazleak 600 euro, txapela eta urrezko garaikurra jasoko ditu saritzat; bigarrenak, 290 euro eta zilarrezko garaikurra; hirugarrenak, 250 euro eta brontzezko garaikurra; laugarrenak, 200 euro, ardoa eta garaikurra; eta bosgarrenak, 150 euro, txakolina eta garaikurra. Gainera, garaikurrak, ardoa edo txakolina banatuko dira 20. postura arte. Loiuztarrek ere jasoko dituzte sariak: 200 euro eta txapela irabazlearentzat; 150 euro eta garaikurra, bigarrenarentzat; 100 euro eta garaikurra, hirugarrenarentzat; eta garaikurra, ardoa edo txakolina, laugarren eta hamargarren postuen artean sailkatzen direnentzat. Era berean, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko putxerarik onenek ehuna euro jasoko dute, gizarte-sareetara igotzen den argazkirik onenak, putxera bat.

Txapelketa Zabaloetxe auzoan egingo da, eta frontoia 13:00etan zabalduko da bertan bazkaltzeko. Luhartz taldeak bazkalondoa girotuko du 16:00etatik aurrera eta 18:00etan sariak banatuko dira. Ondoren, Luhartz taldeak jarraituko du erromeriarekin, eta 20:00etan elektrotxaranga batek hartuko du txanda.  

Josu Andoni Begona Loiuko alkateak bere webgunean adierazi duenez, ekitaldia udalaren III. Gizarte- eta Kultura-dinamizazio Planaren ardatz nagusietako bat da, eta hitzordu garrantzitsua da udalerriko egutegian. Udalak 2012an antolatu zuen lehenengo aldiz putxera txapelketa.