Koronabirusa

Basalanek kaleak eta udal-ekipamenduak desinfektatuko ditu Loiun

a: josuandoni.eus 2020ko mai. 18a, 09:32

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean adierazi duenez, Basalan foru-sozietate publikoarekin hitzarmena egin dute. Horri esker, Basalanek erabilera publikoko lekuak –kaleak, espaloiak, parkeak, lorategiak…– eta udal-ekipamenduak –kultura etxeak, gimnasioa…– desinfektatuko ditu. “Zerbitzua Bizkaiko gainerako udalerrietan ere eskainiko da, baina saio pilotua gurean izango da”, esan du Begoñak. Desinfektatze-lanak asteazkenean, maiatzak 20, egingo dira.

Webgunean azaldutakoaren arabera, Basalanek Bizkaiko zahar-etxeak desinfektatu ditu eta egoitza horietan izandako esperientzia hartuko du oinarritzat, Loiun desinfektatze-lanak egiteko. Horrela, “sodio hipokloritoren disoluzioa (% 0,1) erabiliko da argibide teknikoei eta prozedurei jarraituta, ahalik eta osasun- eta ingurumen-bermerik handiena izan dadin”, idatzi du Begoñak.  

Besteak beste, hauek erabiliko dira desinfektatze-lanak egiteko: 14.000 litroko edukiera duen kamioia, errepide nagusietan; 1.000 litroko edukiera duen kamioia, bigarren mailako errepideetan eta landa-guneetan; presio handiko ekipoa (500 litro) duen furgoneta, parkeetan, bidegorrietan ea abarreko lekuetan; eta motxila lainoztagailuak (14 litro), leihoak, ateak, komunak eta abar garbitzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).