Loiuko Paellen Txapelketa gizarte-sareen bidez egingo da aurten

a: josuandoni.eus 2020ko eka. 15a, 12:54

COVID-19aren eraginez, Loiuko Udalak herriko jaiak utzi ditu bertan behera aurten; hala ere, ekainaren 27an jaietako ekintza garrantzitsuenetako bat egitea erabaki du: paellen txapelketa. Lehiaketa modu berezian egingo da, parte-hartzaileek gizarte-sareetara –Facebook, Twitter eta Instagram– paellen argazkiak igoko baitituzte hastag hau erabilita: #Loiupaellas2020. Izena ematea doakoa da eta dagoeneko egin daiteke 944 712 310 telefono-zenbakira deituta.  

Argazkiak argazkilari profesional batek aztertuko ditu eta orotara bost sari emango dira: itxura oneneko argazkiaren egileak 160 euro jasoko ditu saritzat (paella bakoitzeko argazki bat); dekorazio oneneko eta originaltasun handieneko argazkiaren egileak, 120 euro (paella bakoitzeko argazki bat); jai-giro oneneko argazkiaren egileak, 80 euro (paella bakoitzeko argazki bat); itxura txarreneko argazkiaren egileak, egurrezko koilara eta jai-zapia agertzen den tokiko argazkirik onenaren egileak, txapela eta opari bat. Sariak uda ostean banatuko dira, Gastronomia eta Artisautza Azokan hain zuzen, era dirua Loiuko merkataritza- eta ostalaritza-saltokietan gastatu beharko da.

Arauei dagokienez, aipatu beharra dago ez dela beharrezkoa koadrilako kide guztiek txapelketan parte hartzea. Esaterako, aurreko edizioetan partzelan 25 lagun batu baziren ere, aurten partaide gutxiago egotea onartuko da. Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean jakinarazi duen moduan, dagoeneko 20 taldek eman dute izena txapelketan. Gainera, adierazi du txapelketa aurten Ziberpaellak izenarekin emango dela ezagutzera. Berritasun moduan, txapelketa streaming-ean emango da aurten: kamara bat parte-hartzaileak paellak egiten dabiltzan lekuetara joango da eta giroa jasoko du. Hortaz, ekitaldia zuzenean emango da YouTube LIve kanalean eta Loiuko udalaren webgunean. Bestalde, udalak balkoietan eta leihoetan Loiuko bandera eta jai-zapia ipintzeko deia egin die herritarrei.