Loiuk behin-behinean onartu du Ariztondo-Txiline sektoreko etxebizitza-plana

a: josuandoni.eus 2020ko uzt. 9a, 11:23

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean jakinarazi duenez, azken udalbatzan aho batez onartu zuten Loiuko Etxebizitza Plan Partzial berria. Udalak Ariztondo-Txiline sektorean bizitegi-gune bat egiteko asmoa du, eta planak gune horretako hirigintza-jarduketak bideratuko ditu. “Urrats sendoa da, etxebizitza berriak eta batez ere gazteentzako babeseko etxebizitzak eraikitzeko”.

Begoñak webgunean azaldutakoaren arabera, azken 20 urtean ezin da Loiun etxebizitzarik altxatu, eta etxebizitza-plana behin behinean onartu ahal izateko, hainbat azterketa eta aldaketa egitea beharrezkoa izan da. “Oztopo asko izan ditugu. Garrantzitsuenetariko bat aireportu-eremuari lotuta egon da, baina bete beharreko foru-jarraibideei lotutakoak ere izan dira”. Etxebizitza Plan Partziala Bizkaiko Foru Aldundira bidali da instituzioaren oniritzia jasotzeko eta behin betiko onartzeko. “Udalerrian etxebizitzak izateko eta herriko gazteei emantzipatzen laguntzeko lan egiten ari gara”. Behin plana onartuz gero, etxebizitzak eskuratzeko zerrendan izena emateko epea zabalduko da.

Plan Partziala Zabaloetxe auzoaren luzapen naturala izango da eta, Begoñaren esanetan, “Loiu indartuko du, auzo sendo bat izango du emaitza eta, bizitegi-gune berri bat ahalbidetzeaz gainera, herriko merkataritza berpiztuko du”. Gainera, udalak udalerria jasangarritasun-irizpideen arabera eta paisaiarekin bat eginda haztea nahi du,eta plana “horren isla da”. Alkateak adierazi duen moduan, plana egikaritze-unitate biren bitartez gauzatuko da hainbat fasetan, eta, besteak beste, berdeguneak, pasealekuak eta bidegorriak atonduko dira inguruan. Merkataritza- eta zerbitzu-gunea ere kokatuko da bertan.