Loiuk ez du 2022ra arte terrazei lotutako zerga kobratuko

a: turismo.euskadi.eus 2020ko ira. 2a, 11:14

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean adierazi duenez, terrazak ezinbesteko bihurtu dira ostalarientzat eta udalak horregatik erabaki du terrazei lotutako tasa aurten eta datorren urtean ez kobratzea. “Sektoreari bultzada emateko”.

Begoñak azaldutakoaren arabera, zerga-salbuespen puntual hau aurrera eraman ahal izateko, udal-ordenantza fiskala aldatu behar izan da. Aldaketan jaso den moduan, terrazei lotutako zerga ez da kobratuko, eta dena normaltasunez joango balitz, zerga 2022an berreskuratu liteke. “Era honetan, dirulaguntzez gainera, udalak beste laguntza-mota bat ematen dio ostalaritzari. Izan ere, pandemiaren eraginez, sektorea oso momentu latz batean dago: lehenik eta behin, bi hilabetean itxi behar izan zuten; gaur egun, higiene- eta desinfektatze-neurri zorrotzak ezarri behar dituzte”.

Begoñak gogora ekarri du hau ez dela udalak ostalaritzari laguntzen dion lehen aldia. “COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiten laguntzeko, 1.000 euroko laguntza bana eman genien dendariei, ostalariei eta autonomoei. Horrezaz gainera, terraza ipintzeko lekurik ez duten establezimenduei baimena eman diegu terraza plazetan eta aldameneko leku publikoan ipini dezaten. Bestalde, “bonoloiuak” ipiniko ditugu martxan uda ostean: 20 euroan erosiko dira, baina 30 euroko balioa izango dute”. Neurriak Loiu On! indarberritze-plan estrategiko barruan daude.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).