Gotzonen esanetan, Urrundik euskararen eta Hego Amerikako soinu-tresnen arteko fusioa da eta keinua egiten die lau mendeetan milaka euskaldun jaso dituen herrialdeko kulturari eta folkloreari. Hala, lanean legüero danborra (Santiago del Estero probintziako soinu-tresnak, Argentina) eta quena (Andeetako txirula) entzun daitezke. Gotzonekin batera, Xanpe bateria-jotzaileak, Txarlie Solano baxu-jotzaileak eta Jone Elordy biolontxelo-jotzaileak hartu dute parte Urrundik singlean. Era berean, euskal diasporaren abeslariek kolaboratu dute Gotzonekin.
Loiuko musikariak azaldu duen moduan, Urrundik lanaren baitan erbestaldia dago, itsasoa, mendia, ihesaldia, bolbora, mina, oparotasuna, herrimina, sentimendua, sustraiak, kultura eta hizkuntza.