Loiuk gizarte-zerbitzuak indartu ditu 2021erako aurrekontuetan

Aikor aldizkaria 2020ko aza. 27a, 09:16

Loiuko udalbatzak aho batez onartu ditu 2021erako aurrekontuak; 4,260 milioi euro orotara. EAJk zein EH Bilduk aurrekontuen aldeko botoa eman dute. Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean adierazi duenez, gizarte-zerbitzuetara zuzendutako diru-partida handitu da datorren urterako.

“Loiuztarren oinarrizko beharrizanak betetzea udalaren lehentasuna da, eta dirulaguntzen eta enplegu-planen bidez herritar zaurgarrienak babestuko ditugu. Era berean, auzo guztietan inbertsio publikoko proiektuak egingo ditugu, eta «Loiu Aurrera» diru-partida berezia, besteak beste, herriko ostalaritzari eta merkataritzari laguntzera zuzenduko da, etxebizitzetara, bonoloiuak ateratzera, gizarte-larrialdietarako laguntzetara eta familia-kontziliaziora”.

Begoñaren esanetan, 2021erako aurrekontuak inoizkorik handienak dira. Gainera, azpimarratu du oso momentu gogor batean onartu direla, eta EH Bildu alderdiaren aldeko botoekin. Horri lotuta, aurrekontuetan EH Bilduren proposamenak ere jaso direla azaldu du. “Proposamen horiek bat datoz udal-gobernuaren lan-ildoekin: esate baterako, udal-tasak eta –zergak bere horretan uztea, gizarte-zerbitzuetarako diru-partida handitzea eta, oinarrizko gizarte-zerbitzuen bidez, etxegabetuak izan daitezkeenentzako laguntza-ildo berari eustea”. Bestalde, dirulaguntza emango zaie Derioko eskolan ikasten duten umeei, Sondikan ikasten dutenen eskubide berberak izan ditzaten, eta langabetuek ez dute ibilgailuen zerga ordaindu beharko. “Azkenik, alderdi biok beharrezkotzat jo dugu herriko elkarteetarako dirulaguntzak % 10 murriztea; Elikagaien Bankuaren Elkarterako dirulaguntza izan ezik”.

Begoñaren ustez, “aurrekontuak errealistak dira eta egungo krisi sanitarioari, sozialari eta ekonomikoari erantzuten diote”. Halaber, gailendu du Udalkutxatik diru-partida txikiagoa jaso arren udalak ez duela zorpetu beharko. 

Beste aldetik, Loiuko EH Bilduk positibotzat jo du EAJrekin egindako akordioa. “Alde batera utzi ditugu politika-arloko ezberdintasunak eta udalerriari ekarpena egitea lehenetsi dugu”. Koalizio abertzalearen iritziz, gobernu-taldeak ez du “arrabol politikoa” baliatu, “gure proposamenak beharrezkoak, logikoak eta gauzagarriak direlako”. Nolanahi ere, jakinarazi dute azpiegiturari, kulturari eta herriko etorkizunari lotutako beste proposamen batzuk egin dituztela eta horiek ez direla aurrekontuetan jaso. “Baina udalak konpromisoa hartu du proposamenak aurrerago aztertzeko eta erakunde eskudunetan aurkezteko”. Loiuko EH Bilduren esanetan, “Loiuko Udalaren akordioak COVID-19a garaitzeko behar dugun batasun abertzalearen adibidea izan behar du”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).