Loiuko memoriako egutegia

Aikor aldizkaria 2020ko aza. 30a, 13:34

Loiu Laztana elkarteak urteak daramatza herriko memoriari eusteko gogor lan egiten. Ildo horri jarraituz, urtero moduan, Loiuko argazkiek osatutako egutegia eta DVDa kaleratu ditu. Guztira 1.200 egutegi plazaratu dira eta horiek udalak banatuko ditu udal-aldizkariarekin batera. DVDari dagokionez, 200 ale egingo dira eta horiek udaletxean jasotzeko aukera egongo da abenduaren 15etik aurrera.

Egutegiaren azalean 12 baserri batu dira. “Baserriak oso garrantzitsuak izan dira Loiun: Lastetxe, Orue, Marike-Bekoa... Batzuk desagertu dira, esate baterako, aireportuko lanen ondorioz”, esan digu Jesus Sustatxa elkarteko kideak. Baserriez gainera, beste argazki batzuk ere jaso dira: soldaduzkara joan ziren gazte batzuk, herriko umeak, dantzariak… Era berean, azken orrialdean Zamarripa auzoko argazki bat ipini da. “Berezia da argazkian Loiuren, Sondikaren eta Erandioren arteko topagunea azaltzen delako”.

Argazkiek herriaren bilakaera erakusten dute. Izan ere, egutegiko orrialde bakoitzean argazki bi jarri dituzte: bata, aspaldikoa; eta bestea, gaur egungoa. “Antzinako argazkia oinarritzat hartu dugu eta berria atera dugu. Ez da erraza izan, koronabirusa dela eta, oztopo handiak izan ditugulako. Baina eskertzekoa da loiuztarrek adierazi diguten jarrera eta laguntza”. Egutegiarekin batera, elkarteak DVD bat ere egin du. Horretan 2017an herrian antolatutako hainbat ekitaldiren laburpena jaso da: nekazaritza-azoka, bendejerei eginiko omenaldia, jubilatuen Gabonetako bazkaria…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).