Iraia Iturregi, Athleticen emakumezkoen taldeko entrenatzaile berria

Aikor aldizkaria 2021ko urt. 8a, 14:04

Athleticek Angel Villacampa emakumezkoen taldeko entrenatzailea kanporatu du eta bere ordez Iraia Iturregi loiuztarra izendatu du. “Oso egun zoriontsua da niretzat, pribilegioa baita Athleticeko entrenatzailea izatea”, esan du Iturregik gaur egindako aurkezpenean".

Nesken taldea ez da aurten fin ibili eta hilabeteak eman ditu partida bat ere irabazi barik. Iturregi pozik agertu arren, loiuztarrak beste momentu bat nahiago zukeen Athletic entrenatzeko, denboraldi hasiera, alegia. “Hala ere, une onena askotan ez da gertatzen eta errealitateari aurre egin behar zaio aurpegira begiratuz. Talentua duen taldea gara, agian aspaldian bere bertsiorik onena ematen ibili ez dena, baina buelta ematea espero dut. Lanean konfiantza izan behar dugu”.

Iturregi bigarren taldeko entrenatzailea izan da orain arte, baina lehenengo taldea ere primeran ezagutzen du. Athleticen neskek Eibarren kontra jokatuko dute domekan. “Partida berezia izango da. Ondo ezagutzen dugu elkar. Nahiago izan dugu Eibarren aurkako partida lehenetsi, eta ondoren izango dugu jarraitu beharreko ildoak zehazteko denbora. Hamabost eguneko geldialdia etorri baino lehen hiru puntuak lortzeko konfiantzarekin goaz. Gure lehentasuna Eibarri irabaztea da”.