Loiu Aurrera Plana

Aikor aldizkaria 2021ko urt. 19a, 14:07

Loiun, 2021erako onartutako aurrekontuaren baitan Loiu Aurrera Plana dago. Josu Andoni Begoña alkateak bere webgunean adierazi duenez, plana udalaren gobernu-taldeak diseinatu du, “gaur egungo ekonomia- eta osasun-krisiari aurre egiteko”. Planean 25 jarduera-ildo zehaztu dira, “zeintzuek zutabe gisa sektore zaurgarrienentzako laguntzak baitituzte”.

Plana ahalik eta lasterren ezartzeko asmoa du udalak, “EAJren ustez, unea baita enplegua sortzeko, ekonomia suspertzeko eta pertsonen eta ongizatearen alde egiteko”. Horregatik, plana osoko bilkuran aurkeztu dute eta “aho batez” onartu da, “izan ere, proposamen sozialak eta talde ahulentzako laguntzak” jaso ditu.

Planaren 25 jarduera-ildo hurrengo hauek dira: gizarte-larrialdiko laguntzak indartzea, arrakala digitala txikitzea, adinekoentzako udal-programa, elikagaien bankurako laguntza handitzea, terrazei lotutako irizpideak malgutzea, gizarte-premietarako indartze-programak sustatzea, familia-kontziliaziorako plana, merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko bonuak, adinekoentzako segurtasun- eta osasun-programa, terrazei lotutako zerga ez kobratzea, leku publikoetan jarduerak sustatzea, genero-indarkeria jasaten duten emakumeentzako programetara diru-partida handiagoa bideratzea, enplegu-plana, ibilgailuen gaineko zerga atzeratzea, hurbileko saltokien aldeko kanpaina, udal-emakidako lokalen alokairua ez kobratzea, kontratazio publikoan klausula sozialak ezartzea, loiuztarrak kontratatzeko laguntza-programa, herriko autonomoentzako eta ekintzaileentzako aholkularitza EGAZen bidez, herriko langabeak Lanbideren bidez kontratatzea, COVID-19a prebenitzeko eta kontrolatzeko inbertsioak, zergak eta prezio publikoak bere horretan uztea, ostalaritzarako laguntzak, gazteek etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak eta, itxita dauden bitartean, tabernak eta jatetxeak zaborren tasa ordaintzetik salbuestea.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).