Inauterietako online lehiaketak Loiun

Aikor aldizkaria 2021ko ots. 23a, 11:55

Loiuko Udalak online lehiaketa bi antolatu ditu Inauterien harira: bata argazki lehiaketa da, eta bestea, bideo-lehiaketa. Argazkiak zein bideoak otsailaren 28ra arte aurkeztu daitezke.

Argazki-lehiaketari dagokionez, bertan Loiun erroldatuek bakarrik hartu ahalko dute parte eta banako irudia aurkeztu beharko dute. Argazkia egin, eta udala@loiu.eus helbide elektronikora bidali behar da eskaerarekin batera. Horrezaz gainera, Facebooken argitaratu behar da #Loiuinauteriak hashtag-a erabilita. Argazkiarekin batera datu hauek azaldu behar dira: izen-abizenak, NAN-zenbakia, adina, telefonoa, eta tutorearen baimena, parte-hartzailea adin txikikoa bada. Hiru kategoria egongo dira eta kategoria bakoitzeko hiru sari emango dira. Hamabi urtera artekoek material didaktikoa eta jokoak jasoko dituzte saritzat, eta 13 urtetik 17 urtera bitartekoek eta 18 urtetik gorakoek, herrian gastatzeko bonuloiuak; guztira 420 euro.

Bideo-lehiaketan, bestalde, gehienez lau loiuztarrek osatutako taldeek hartu ahalko dute parte, eta bideo bakarra aurkeztu. Bideoak askoz jota 90 segundo iraungo du. Bideoak ere lehen aipatutako helbide elektronikora bidali beharko dira, esandako baldintza berberak beteta. Hiru kategoria egongo dira. Hamabi urtera arteko kategorian bost sari emango dira, hala nola tabletak, bluetooth entzungailuak eta jokoak; gainera, parte-hartzaile guztiek oparitxo bana jasoko dute. Hamahiru urtetik 17 urtera bitarteko gazteen kategorian hiru sari emango dira: tabletak eta bonuloiuak (140 euro guztira); parte-hartzaile guztientzat ere oparitxoak egongo dira. Azkenik, 18 urtetik gorakoen kategorian hiru sari emango dira: 290, 250 eta 200 euroko bonuloiuak. Gainera, 200 euroko bonoloiu bat zozketatuko da saririk lortu ez duten parte-hartzaileen artean.

Sariak martxoaren 15ean jakinaraziko dira udal-webgunean eta gizarte-sareetan. Epaimahaia udal-zinegotzi batek eta teknikari batek osatuko dute eta, besteak beste, jantzia, makillajea, originaltasuna eta eszenografia hartuko dituzte kontuan irabazleak aukeratzeko orduan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).