Loiuk 600 euro banatuko ditu saritan balkoi apainduen lehiaketaren harira

Aikor aldizkaria 2021ko mai. 3a, 12:45

Loiuko Udalak laugarren aldiz antolatu du leihoak eta balkoiak lorez apaintzeko lehiaketa. Bertan hauek har dezakete parte: etxebizitzetako jabeek zein errentariek, banakako etxeek zein jabekideen erkidegoek, dendek, hotelek eta jatetxeek. Kategoria bi egongo dira: familia bakarreko etxeak eta atxikiak, eta jabeen erkidegoak eta establezimenduak. Kategoria bakoitzeko sari bi emango dira: 170 euro eta 130 euro; orotara 600 euro.   

Izena ematea maiatzaren 12tik 19ra, 17:00etatik 21:00etara, egin beharko da udal-liburutegian edo Larrondoko frontoian. Landareak maiatzaren 22an banatuko dira 10:00etatik 11:00etara udaletxeko plazan, eta 11:30etik 12:30era Larrondoko Zentro Zibikoan. Balkoiak eta leihoak apaintzeko, bakarrik erabili ahalko dira udalak emandako loreak eta epaimahaiak, besteak beste, diseinua, originaltasuna eta koloreen bizitasuna hartuko ditu kontuan, bere erabakia hartzeko orduan. Epaimahaikoek ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean aztertuko dituzte lore-apainketak.       

Josu Andoni Begoña alkateak bere webgunean jaso ditu Mari Jose Mentxaka Hirigintza eta Ingurumen zinegotziaren hitzak: “Lehiaketaren helburua da bultzatzea gure udalerria lorez eta landarez apaintzea, horren onura estetikoaren balioa azpimarratzeko eta herria herritarrentzat zein bisitarientzat erakargarriago egiteko”. Beste xede bat da “loreek eskaintzen duten ekarpen artistikoaren bidez, herriaren ornamentazioa hobetzen laguntzea, eta, hortaz, ingurumenaren kalitatea areagotu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).