Beste Bira Loiuk sei medaila eskuratu ditu Euskadiko txapelketan

Aikor aldizkaria 2021ko mai. 18a, 11:41

Master kategorian, Beste Bira Loiu atletismo klubeko korrikalariek sei medaila lortu zituzten Euskadiko Atletismo Txapelketan, Durangon, urre bat, hiru zilar eta brontze bi. Garaipena bikoitza izan zen: atleta bakoitzarena eta taldearena.

Eduardo Manzanosek, Javi Allendek eta Jon Irazustak lehenengo proban (800 m) hartu zuten parte eta hirurek izan zuten lekua podiumean, izan ere, urrezko domina, zilarrezkoa eta brontzezkoa eskuratu zuten hurrenez hurren. Manzanos eta Allende 1.500 metroko proban ere aritu ziren eta lehenak brontzeko domina lortu zuen, eta bigarrenak, zilarrezkoa. Bestalde, aipatu beharra dago biek Espainiako Masters Txapelketan parte hartuko dutela ekainean, Malagan. Azkenik, Javier Agirrek zilarrezko domina eraman zuen abiadura-proban (200 m).

“Klubak lanean jarraitzen du Txorierrin atletismoa adin-tarte guztietan bultzatzeko”, azaldu dute sustatzaileek. Klubean 60 atleta baino gehiago daude. “Datorren urteari begira, ahalegina egingo dugu hobetzen jarraitzeko eta gure lana Txorierriko gainerako udalerrietara zabaltzeko”. Entrenamenduak Larrondon eta Derion egiten dituzte gaur egun.