Summer Bonuloiuak, herriko merkatariei eta ostalariei laguntzeko

Aikor aldizkaria 2021ko mai. 21a, 10:53

Udari begira, Loiuko Udalak beste bonu-kanpaina bat ipini du martxan. Orotara, 2.000 bonuloiu kaleratuko dira eta pertsona bakoitzak gehienez bost eskuratu ahalko ditu. Bonuloiua 10 euroan ipiniko da salgai, baina benetako balioa 20 eurokoa izango da; aldea udalak ipiniko du. Herriko 19 establezimenduk egin dute bat ekimenarekin.

Bonuloiuak ekainaren 1etik aurrera erosi ahalko dira udaletxean bertan, goizean, edo hara deituta eskatzeko arratsaldean Zabaloetxeko liburutegian edo Larrondoko frontoian uzteko. Bonuloiuak ekainaren 1etik irailaren 15era arte gastatu ahalko dira herriko dendetan, tabernetan eta jatetxeetan. 

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean jakinarazi duenez, ekimenak hiru helburu ditu: alde batetik, pandemiak herriko merkatariei eta ostalariei ekarritako kalteak arintzen laguntzea; bestetik, herritarrak deskontuez baliatzea; eta azkenik, herria girotzea. Loiuztarrek ez ezik alboko herrietako bizilagunek ere eskuratu ahalko dituzte bonuloiuak. Lehenengo 500 erosleek poltsa bat jasoko dute oparitzat. Begoñak azaldu moduan, aurretik egindako kanpainari eta udako kanpainari esker, guztira 40.000 euro helduko dira herriko establezimenduetara. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).