Loiuk 500 euro emango du familiako, kontziliazioa errazten laguntzeko

Aikor aldizkaria 2021ko uzt. 8a, 13:48

Iaz Loiuko Udalak familia-kontziliaziorako plana ipini zuen martxan eta, Josu Andoni Begoña alkateak bere webgunean jakinari duenez, loiuztarrak aurten ere baliatu ahalko dira planaz. Helburua da udan lana eta familia bateragarri egiten laguntzea. Horretarako, 500 euroko dirulaguntza emango diete 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko pertsonak kontratatu behar duten familia bakoitzari. Eskabideak irailaren 15etik aurrera aurkeztu beharko dira.

Dirulaguntza eskuratu ahal izateko, eskatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu: Loiun 2021eko apirilaren 1a baino lehenagotik erroldatuta egotea, bere ardurapean 14 urtetik beherako seme-alabak izatea eta lanean ibiltzea. Guraso bakarreko familia bada, eskatzaileak besteren konturako langilea izan behar du, eta aurrez aurreko lana edo lan erdipresentziala egin. Azken kasu horretan, lanaldi osoko kontratua izan behar du, eta aurrez aurreko lana gutxienez lanaldi erdikoan egin. Kontratua lanaldi erdikoa izanez gero, aurrez aurrekoa izan behar da.    

Familia berean adingabearen zaintza duten pertsona bi bizi badira, horietako batek lanaldi osoko kontratua izan behar du, eta besteak, lanaldi erdikoa edo luzeagokoa. Gurasoetako bat langile autonomoa bada, besteak lanaldi osoko kontratua izan beharko du.

Azkenik, seme-alabak zaintzeko kontratatzen den pertsonari gutxienez 30 eguneko kontratua egin beharko dio eskatzaileak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).