Txiki-txoko-park bat atontzen dabiltza Loiun

Aikor aldizkaria 2021ko uzt. 21a, 12:04

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean jakinarazi duenez, egitasmoak hiru helburu ditu: erabilera anitzeko kirol-aretoa handitzea, txiki park bat ipintzea eta umeen urtebetetzeak ospatzeko txoko bat atontzea. 

Begoñaren hitzetan, erabilera anitzeko aretoa txiki gelditu zen bertan kirol-ekintzak egiteko, hala nola zumba eta aerobic. Arazoari konponbidea emateko, erabilera anitzeko aretoa Kultura Etxeko goiko solairura eramango da, eta, leku handiagoa izateko, gaur egun erabiltzen ez diren hango gune batzuk zabaldu. Alkateak esandakoaren arabera, pandemiaren aurretik bazegoen leku-arazoa eta gaur egungo osasun-egoeraren ondorioz, “egitasmoa aurreratu behar izan dugu herritarren onurarako”.

Bestalde, erabilera anitzeko aretoa gaur egun arte egon den lekuan txiki park bat eta ludoteka ipintzeko asmoa du Loiuko Udalak. Gune berriak, besteak beste, jolasak, txirristak eta bolen igerilekua izango ditu.  Gainera, ludoteka txoko bihurtu ahalko da, asteburuetan herriko umeek urtebetetzeak bertan ospatu ditzaten.