“Hamar urte nituela hasi nintzen atletismoan, baina ez nuen inoiz klub bat sortzeko aukera aztertu, harik eta duela urte batzuk alaba korrika egiten hasi zen arte”, azaldu digu Barciak. “Konturatu ginen Txorierrin ez zegoela ezer umeek atletismoa praktikatzeko eta, gainera, korrikalari nagusiok bakoitza bere klubean genbiltzala; hortaz, taldea sortzera animatu ginen. Loiuko Udalak ere lagundu zigun Beste Bira Loiu klubari itxura ematen”.
Klubak beste kirol-aukera bat ekarri du Txorierrira, eta horregatik izan du hain harrera ona, hain zuzen ere. “Zalantzak egon ziren hasieran, batez ere egin beharreko izapide guztien berri izan genuenean… Baina, aldi berean, ikusten genuen ekimenak aurrera egiten zuela, arroparen diseinua, umeak izena emanez joaten zirela…”. Barciaren esanetan, uste baino korrikalari gehiagorekin hasi zuten egitasmoa. “Umeak eta nagusiak kontatuta 40 bat lagun ginen. Aurtengo denboraldiari dagokionez, 70 ume baino gehiago izango ditugu, eta 20 goi-kategoria. Sondikan eta Derion ere oso harrera ona izan dugu eta horrek taldeari handitzen lagundu dio: ahoz ahokoak ederto funtzionatzen du, izan ere, gaztetxoek oso ondo pasatzen dute eta lagunei eta gurasoei kontatzen diete; azken batean, hori da garrantzitsuena. Era berean, hasierako akatsak zuzendu izana lagungarria izan da taldea handitzeko”.
Klubak beste kirol-aukera bat ekarri du Txorierrira eta horregatik izan du hain harrera ona, hain zuzen ere
Basea Loiun duten arren, klubaren helburua da atletismoa Txorierri osoan bultzatzea. Hori dela eta, Larrondon hasi ziren entrenatzen eta ondoren Deriora zabaldu zuten egitasmoa; aurten Zamudion ere egingo dituzte entrenamenduak. “Txikienak Larrondon entrenatzen dira eta Zamudion hasteak ahalbidetuko digu atletismoan serioago aritu nahi duten gaztetxoei horretarako aukera ematea. Gainera, atletismoan serio entrenatu nahi dutenek Fadurara joatea dute. Esandakoak dira klubak entrenatzeko eskaintzen dituen hiru aukerak eta taldeak gurasoen eta korrikalarien lehentasunen arabera osatuz joaten dira; nolanahi ere, korrikalariren batek gaitasun berezia duela ikusten badugu, bere egoera aztertzen da, eta erabakiak hartu”.
“Zamudion hasteak ahalbidetuko digu atletismoan serioago aritu nahi duten gaztetxoei horretarako aukera ematea”
Txikienak astean behin edo bitan entrenatzen dira. “Hori nahikoa da ikasteko, baina norberaren exijentzia handituz doan heinean, konstantzia ere handitzen da eta baliteke asteko egun guztietan entrenatzea”. Ez dago atletismoan hasteko gutxieneko adinik. “Lau eta bost urteko korrikalariak ere baditugu. Hori bai, lan espezifikoagoa egiteko, itxaron behar da nagusitxoagoak izan arte; hau da, federatuta dauden kategorietara arte. Baina, hori baino lehen, helburua da jolastea eta ikastea”. Klubaren korrikalarien artean, esaterako, Eduardo Manzanos dago, Malagako Master Nazionalerako txartela eskuratu zuena. Baita Unai Careaga ere. “Probatzearren hasi zuen duela urte batzuk, eta aurreko denboraldian Bizkaiko txapeldunordea izan da 1.500 metroko lasterketan; poztasun handia izan da aurrera nola egin duen ikustea. Aner Cespedes eta Adrian Uriarte Eskolako Krosaren Bizkaiko Selekzioan sartzea ere oso pozgarria izan zen”.
“Lan espezifikoagoa egin aurretik helburua da jolastea eta ikastea”
Ikuspegi erromantikoa
Barciak entrenatzaileak ere ekarri ditu gogora. “Joseba Bermejo, klubaren atleta ere badena, hasiera-hasieratik dago gurekin. Gaztetxoek asko maite dute, ederto batean pasatzen dutelako bere entrenamenduetan eta jolasetan. Oier Medinak eta Leire Barciak laguntzen diote txikienak –talde handiena– entrenatzen. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiogu Manuel Benitori, Zamudion entrenatzaile ibiltzeko proposamena onartzeagatik. Azkenik, Enrique Castelok Faduran entrenatzen ditu atletak”. Presidenteak adierazi duenez, lorpenik handiena izan da klubaren kamiseta Bizkaiko eta Euskadiko lasterketa nagusietan ikustea. “Adibidez, Euskadiko kros txapelketa batera 20 talde sailkatu ginen eta guk 12. postuan amaitu genuen hura: udalerri txikiena ginen eta oso hunkigarria izan zen benetan”.
“Lorpenik handiena izan da klubaren kamiseta Bizkaiko eta Euskadiko lasterketa nagusietan ikustea”
Beste Birak ideia bi izan ditu argi lehen urratsak egin zituenetik: alde batetik, gaztetxoei beste kirol-aukera bat eskaini behar ziela; eta bestetik, gurasoek ahalik eta diru gutxien gastatuko zutela. “Beharbada, oso ikuspegi erromantikoa dut atletismoari buruz, baina dirua bakarrik erabiltzen da materiala eta kirol-arropa erosteko eta entrenatzaileei ordaintzeko; ez dago gehiagorik. Helburua ez da dirua irabaztea, baizik eta umeek ondo pasatzea eta lasterketa batera joaten direnean guztiek beren ekipamendua izatea eta korrika egiteaz harro egon daitezela. Gu, zer esanik ez, harro gaude entrenatzen edo probaren baten parte hartzen ikusten ditugunean”.
“Harro gaude klubaren korrikalariak entrenatzen edo probaren baten parte hartzen ikusten ditugunean”
Klubaren helburua da handitzen jarraitzea eta partaide guztiak Beste Biraren familiaren parte sentitu daitezela. “Eta batez ere lehiaketetan ibiltzea, politena da eta. Era berean, federatuta dauden atletei dagokienez, gustatuko litzaiguke taldea sendotzea eta bultzatzea, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorietan. Urte hauetan, gutxienez, lortu dugu taldea ezagutzera ematea, atletismo munduan ezagutzea Txorierrin Beste Bira kluba dagoela eta abiapuntu ona dela etorkizunerako”.