Bonuen kanpaina berria Loiun

a: josuandoni.eus 2021ko urr. 18a, 10:46

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean jakinarazi duenez, bonuen kanpaina berria ipini da martxan udalerrian: neguloiuak. Loiuztarrek bakarrik erosi ahalko dituzte bonuak, herriko establezimenduetan gastatzeko. Bonu bakoitzarengatik 10 euro ordainduko dituzte, baina balioa 20 eurokoa izango da. Orotara 2.000 bonu ipiniko dira salgai eta herritar bakoitzak gehienez bost erosi ahalko ditu.  

Bonuak gaurtik aurrera har daitezke harik eta agortzen diren arte. Udaletxean erosi ahal dira goizez, edo arratsaldean, Zabaloetxeko liburutegian eta Larrondoko frontoian (aurretik deitu behar da udaletxera, bonuak erreserbatzeko). Bonuak abenduaren 31ra arte gastatu ahalko dira. Kanpainan hartuko dute parte, besteak beste, ile-apaindegiak, jatetxeek, farmaziak, janari-dendak eta etxetresna-elektrikoen dendak.

Kanpainak hiru helburu ditu: alde batetik, herriko komertzioetan, tabernetan eta jatetxetan gastatzea, pandemiak eragindako kalteak arintzen laguntzeko; bestetik, loiuztarrak deskontuez baliatzea; eta azkenik, udalerria girotzea. Begoñak gogora ekarri duenez, oraingoa herrian egiten den hirugarren bonuen kanpaina da, eta hiru kanpainei esker guztira 110.000 euro zuzenduko dira herriko establezimenduetan gastatzera.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).