Multikirola kanpamentua abenduaren 27tik 31ra egingo da eta helburua da herritarrei “dibertsioaren eta kirolaren bidez lana eta familia uztartzen laguntzea”. Bestalde, Loiu Christmas Camp urtarrilaren 3tik 5era eta urtarrilaren 7an izango da. “Ingelesezko campusa da, euskarak lagunduta, eta esperimentu eta eredu zientifikoen bidez parte-hartzaileak zientziara eta ingurumenera hurbilduko dira”. Kanpusak astelehenetik ostiralera izango dira, 09:30etik 13:30era.
Loiuztarrek lehentasuna izango dute lekua eskuratzeko orduan, eta plaza baino eskaera gehiago egonez gero, zozketa egingo litzateke epe barruan izena eman duten erroldatuen artean. Loiuko umeek 30 euro ordainduko dituzte kanpamentu bakoitzeko; familia ugariko kideak badira, 25 euro (lehen umea), 20 euro (bigarrena) eta 15 euro (hirugarrena); eta 10 euro, DBE jasotzen duen familiako kideak badira. Loiun erroldatuta ez daudenek 50 euro ordaindu beharko dituzte kanpamentu bakoitzeko.