Loiuk ia bost milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2022rako

Aikor aldizkaria 2021ko aza. 30a, 11:27

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean jakinarazi duenez, udal osoko bilkurak aho batez onartu ditu 2022ko aurrekontuak: ia bost milioi euro. Aurtengo ekitaldiko aurrekontuekin alderatuta, datorren urtekoek % 14ko igoera izango dute eta inoizkorik handienak izango dira. “Susperraldi ekonomikoak xedatu ditu aurrekontuak eta pertsonak daude horien erdigunean. Loiu berritzailea, dinamikoa eta ekintzailea sustatu nahi dugu, berdintasunaren eta bizikidetzaren balioetan oinarrituta eta bere identitatean sustraituta.    

Aurrekontuen helburua da udalerria eraldatzea eta hobetzea, eta euren baitan 23 inbertsio egingo dira. Inbertsio horien artean daude udal-igerilekuak, auzoetako kirol- eta aisialdi-instalazioak, saneamendu-sareak hobetzea, kultura- eta jai-ekintzak berpiztea, bidegorriaren laugarren fasea, Erdi Aroko gaztelua Zabaloetxen, hondakinak batzeko zerbitzu berria, tokiko enpleguaren plana eta elkarteei diru-laguntza ematea.

Begoñaren hitzetan, udalaren gobernu-taldeak kudeaketa egokia egin du eta, hortaz, “udal-kutxa sendoak izanik aurre egin genion pandemiari, eta, orain, horren osteko egoerari ere egingo diogu aurre”. Era berean, adierazi du udalaren lehentasuna herritarren beharrizanei erantzutea dela eta horretarako diru-laguntza eta enplegu-plan gehiago egongo direla. Horri lotuta, esan du Denontzat elkartearen diru-laguntza % 33 handituko dela. Elkarte horrek herriko elikagaien bankua kudeatzen du eta, Begoñak azaldu moduan, eskari gehiago jasotzen ari da.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).