Loiuko gimnasioa eraikitzeko lanak urtarrilean hasiko dira

a. josuandoni.eus 2021eko abenduaren 10a

Josu Andoni Begoña Loiuko alkateak bere webgunean idatzi duenez, Gabonen ostean hasiko dira herriko gimnasioa eraikitzeko lanak. Loiun ez dago udal-gimnasiorik eta herritarrak alboko herrietako kirol-instalazioetara joan ohi dira. Hortaz, egitasmoak helburu bikoitza du: alde batetik, herritarren eskaerari erantzutea, eta bestetik, herritarren artean ohitura osasungarriak bultzatzea.

Udal-gimnasioa Zabaloetxeko frontoiaren ondoan altxatuko da eta beirate batek lotuko ditu eraikin biak. Gimnasioan hiru gune atonduko dira. Haietako batean fitness-a egiteko makinak ipiniko dira, eta beste gune batean, bizikletak. Hirugarrena erabilera anitzeko gunea izango da eta bertan zenbait kirol-ariketa egin ahalko dira, hala nola aerobica eta pilatesa.