Udala bikaina da, loiuztarren iritziz

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 30a, 12:03

Loiuko Udalak hala eskatuta, Gizaker enpresak inkesta bat egin du Loiun, herritarrek udalari buruz duten iritzia jasotzeko. Datuen arabera, loiuztarrak pozik daude udalarekin eta bat egiten dute agintariek garatzen dituzten proiektuekin.

Inkestaren arabera, Loiuko Udalak herritarren beharrizanei erantzuteko jarrera adierazten du. Horregatik, loiuztarren % 83,5ek esan dute udala “bikaina” edo “ona” dela; eta bakarrik % 1,2k, aldiz, “txarra”. Josu Andoni Begoña alkatearen irudia ere ona da. Herritarren % 99,1ek ezagutzen dute alkatea eta 8,2ko nota ematen diote Begoñari. Loiuztarrek “hurbila” dela uste dute.

Herritarrek aintzat hartu dituzte udal zerbitzuak, guztiak bikainak direlako: lorategiak zaintzea, udal-ikastaroak, kalean erraz aparkatzea, zaborra batzea, hirigintza, gizarte-zerbitzuak eta segurtasuna. Euskarak eta argiteriak notarik txikiena lortu dute: 7,3 eta 7,4, hurrenez hurren. Ildo horri jarraituz, udalak martxan jarri nahi dituen egitasmoek ere herritarren atxikimendua jaso dute: etxebizitza berriak eraikitzea, argiteria hobetzea, Larrondoko auzo-etxea berritzea, enplegu-plana, gimnasioa, saneamendua, igerilekuak, errotonda, auzo-taxia eta belar artifizialezko futbol-zelaia.

Azken urteotan, zenbait proiektu egin dira Loiun eta horien artean hauek azpimarratu dituzte herritarrek: garraiobideak hobetzea (% 14,3); hurbiltasuna eta informazioa (% 11,8); dena (% 11); hobekuntzak oro har (% 9,2). Besteak beste, proiektu parte-hartzaileak, gaur egungo proiektuak, bidegorria eta igerilekuak ere aipatu dira. Etorkizunari buruz ere eman dute iritzia. Inkestatutakoen % 90,2k esan dute herriko argiak hobetu behar direla. Era berean % 89,8k anbulatorioa lau egun goizez eta beste bat arrastiz irekita egotea nahi dute; gaur egun, ordea, goizez baino ez da zerbitzua eskaintzen. Azkenik, % 87 kiroldegia eraikitzearen alde agertu dira.

Guztira, 18 urtetik gorako 281 lagunek erantzun diete galderei: % 17k euskaraz egin dute; gainerakoek, gaztelaniaz. Udalak 2010ean egin zuen lehenengo inkesta eta, harrezkero, lau urterik behin egin dute ikerketa. Josu Andoni Begoña alkatearen esanetan, emaitzak gero eta hobeak dira, loiuztarrek udalari gero eta nota altuagoa ematen diotelako: 2010ean, 6,48; eta 2022an, 8,03.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).