Pandemia dela eta, urte bi eman dituzte topaketa egin barik eta gogotsu ekin diote ekitaldiari. “Aurtengo topaketa izan da arrakastatsuena, aurreko edizioekin alderatuta lagun-kopuru bikotza etorri zelako. Pozik-pozik gabiltza giro ederra egon zelako eta inork istilurik sortu ez zuelako. Jendeak uste du motozaleok desatseginak eta bortitzak garela, baina hori ez da egia: gure arteko laguntasuna azpimarragarria da”, esan dute antolatzaileek. Loiukoa pandemia etorri eta gero egin den lehenengo topaketa da eta horri esker oso jendetsua izan da, ziur asko. “Gainera, gizarte-sareetan oihartzun handia izan zuen aurreko asteetan eta jendea gurera hurbiltzera animatu da”.
Gidariek ekitaldian eman zuten izena eta 11:00tik aurrera, 250 motozikletak martxa egin zuten elkarrekin. Motozaleek, besteak beste, Gatika, Laukiz, Bakio eta Lemoiz bisitatu zituzten, Loiura itzuli baino lehen. Bazkaltzeko, paella jan zuten frontoian. Arrastian, jolasak eta jardunaldiaren ekintza nagusia egin ziren: drift erakustaldia, hau da, zirkuitu mugatuan autoek egindako derrapatzeak. Ostean, Debares taldeak ACDC taldeko kantak abestu zituen.
Loiun, mota askotako motozikleta ikusteko aukera egon zen: Yamaha Drag Star, Suzuki Intruder, Kawasaki Culcan, Renegade Commando, Royal Enfield... Baita hainbat chopper, racing, trail, naked eta cruiser ere. Gainera, Ameriketako 10 auto klasiko ere erakusgai ipini ziren Loiun, Euskadiko American Cars elkartearen eskutik: 1978ko Plymouth beltz bat; 1966ko Ford Thunbird urdin bat, Chevrolet Camaro ikusgarria, Dodge markako batzuk...