Panorama ederra Loiun

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 30a, 12:53

Asteburuan, maiatzaren 27tik 29ra bitartean, Loiuko Udalak Loiuval Erdi Aroko azoka antolatu zuen herrian, bigarren aldiz. Horren haritik, Orquesta Panorama galiziarrak kontzertu ikusgarria eskaini zuen San Jose Artesano futbol-zelaian eta milaka lagun hurbildu ziren bertara.

Azokako ekintzarik handiena Orquesta Panoramaren saioa izan zen. Josu Andoni Begoña alkateak esan du Deia egunkarian herriak “egun historiko bat” bizi izan duela. “Ez da inoiz horrelako kontzertu bat Loiun egin; betiko gogoratuko da. Oso pozik gaude jendetza etorri delako, ia 15.000 lagun. Eta ez da istilu bat ere egon. Arrakastatsu-arrakastatsua izan da”. Galiziarrak lehendabiziko aldiz aritu dira Euskal Herrian eta ikuskizun ederra eskaini zuten. 

Kontzertua alde batera utzita, asteburuan Loiun Erdi Aroan murgildu da: musikariak, trobalariak, soldaduak, artisauak, kortesanoak... Adin eta gustu guztietarako ekintzak egon dira: umeentzako jolasak eta ipuin-kontalariak, antzerkia, hegazti harrapariak, kalejirak, suzko malabarismoa… Orotara 35 postu ipini dira eta, besteak beste, artisauen lanak eta janaria ipini dira salgai. Lanbideen erakustaldiak ere egin dira. “Azoka osasuntsua eta zibikoa izan da”, esan du alkateak. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).