Martxan dago aireportuko eraikin berria

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 15a, 13:24

Bulego-eraikin berria estreinatu du Loiuko aireportuak, eta zenbait erakundek eta enpresak izango dute bertan egoitza. Besteak beste, Aenako langileetako gehienak, segurtasun-arloan dabiltzan langileak eta pistako langileak egongo dira bulego berrietan. Horiek terminalaren mendebaldean daude, eta eraikitze-lanetan 12,4 milioi euro ipini dituzte.

Eraikinak 7.729,6 metro karratu ditu, eta bost solairu. Era berean, langileentzako aparkalekua du, eta, ondorioz, 200 leku baino gehiago utzi dira libre aparkaleku nagusian. Gainera, Aenak jakinarazi duenez, eraikin berriak ahalbidetu du bidaiariak hegazkineratzeko gunean 1.500 metro karratu gehiago erabili ahal izatea.

Azaldutakoaren arabera, eraikineko guneak dira gardenak, zabalak eta argitsuak. LED argiak ipini dira, eta aretoan pertsonarik dagoen detektatzen duen sistema. Eraikina klimatizatzeko eta ur beroa izateko, aerotermia-sistema eta eguzki-panelak jarri dira. Izan ere, Aenaren helburua da 2026rako aireportu guztietan bakarrik energia berriztagarriak erabiltzea.

Bestalde, esan moduan, datuak prozesatzeko zentro berria ere atonduko da eraikinean. Horretarako, 1,7 milioi euroko inbertsioa egingo da.